Lan ikuskaritzak LABi arrazoia eman eta 130 kontratu ebentual baino gehiago finko bilakatzera behartu du CAF enpresa

Joan den apirilaren 25ean, LABek lan-ikuskaritzaren aurrean salatu zuen Enpresa iruzurrezko erabilera egiten ari zela ekoizpenaren baldintzapeko behin-behineko kontratuekin.

LABen ustez, une honetan CAFen egiten diren behin-behineko kontratuak guztiz aurreikus daitezkeen lanak burutzeko dira. Hori horrela, behin behinekotasun horren iraupena gehienez hiru hilabetekoa izan beharko litzateke (90 egun). Bada, Enpresak, modu arruntean, urtebeteko behin-behineko kontratuak aplikatzen ditu.

Hasiera batean, Giza Baliabideetako arduradunekin zuzenean landu genuen gaia, baina egoera konpontzera ukatu zirenez, LAB-CAF sail sindikaletik lan-ikuskaritzara jo eta bertan salaketa jarri genuen.

Azkenik, joan den maiatzaren 23an jaso genuen arrazoia ematen digun ebazpena. Azken egun hauetan enpresak gutxienez 130 langile finko egin behar izan ditu. Horrez gain, datozen egunetan Zuzendaritzak finko egin beharko ditu gainerako kontratu irregularrak dituzten lankideak. Une honetan finko bihurtuko diren langileak Beasaingo eta Irungo lantegietako enplegatu eta tituludunen kolektiboetakoak dira.

Orain tailerretan behin-behineko langilerik ez badago ere (halakorik balego, ebazpen honek ere eragingo lieke), irizpen horrek bideratuko du hurrengo hitzarmeneko enplegu-politikaren negoziazioa. Tailerretako errelebo-kontratua zuzenean egin beharko da zuzeneko eskulaneko langileekin, Zuzendaritzak ez baitu zeharkako langilerik izango horretarako. Tailerreko langileei egin beharreko kontratuen iraupena eta mota ere ebazpen honek baldintzatuko ditu. Hurrengo hitzarmenak tailerretako langileen errekuperazioa izan behar du ardatz, eta, horretarako, langile kontratazio zuzen eta mugagabekoa zifra handietan behar ditugu. Beasaingo, Irungo eta Madrilgo lantegietako Enpresa Batzordeek eta CAFeko zuzendaritzak hitzarmen berria negoziatzeko prozesuan lehen bilera, gaur osteguna hilak 25  burutuko dute. Zalantzarik gabe, albiste honek markatuko du bilera hori.

Horrekin guztiarekin, CAFeko enpleguarentzat albiste bikaina da LABek salaketa honen bidez lortutakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.