Letoniako operadore nagusiak —Pasažieru Vilciens— CAF enpresari esleitu dio 34 unitate elektriko eta zazpi diesel unitate hornitzeko kontratua, Baltikoko herrialde horretako trenbiderako guztiak ere. Guztira, 400 milioi eurotik gorakoa da kontratuaren zenbatekoa, ibilgailuen mantentze lana (30 urtez) eta horiek egiteko instalazio berrien eraikuntza eta eguneratzea ere barne dela.
Letonian inoiz egin den tren-erosketarik handiena dugu, hango gobernuak azpiegiturak berritzeko abiarazi duen proiektuaren baitakoa. Aipatzekoa da Letonian bertan egingo dela tren horien fabrikazioaren atal bat. CAF enpresak Letoniako RVR (RĪGAS VAGONBŪVES RŪPNĪCA) konpainiari azpikontratatuko dio fabrikazioaren parte bat, herrialde hartako industria- eta ekonomia-garapenaren lagungarri.
PVk eskatutako tren horiek CAFen Civity plataforma (aldirietako eta distantzia ertainetarako trenentzakoa) dute oinarri, eta azken aurrerapen teknologikoak ditu energia-kontsumoari, ingurumenaren zaintzari eta segurtasun-ekipamenduari dagokienez. Lehenbiziko unitateak 2014ko erdi aldera dira entregatzekoak, eta 2015a amaitu aurretik, gainerako guztiak.
CAF prentsan
Bi kontratu berri sinatu ditu CAFek Saudi Arabian, “Saudi Railway Company” (SAR) tren-konpainiarekin eta “Saudi Railways Organization” (SRO) erakundearekin
SARekiko kontratua joan den asteazkenean, hilak 14, sinatu zuen Inbertsio Publikoko Funtsaren (PIF) idazkari orokor eta SAR Saudi Arabiako Trenbideen Konpainiako presidente Mansour Al-Maiman jaunak, Pablo Bravo Lozano Riadeko espainiar enbaxadorea eta Bulego Komertzialeko ordezkariak ere han zirela. SARentzako 5 unitate hauek SROk lehenago erositako 12ei gehitu zaizkie, eta segurtasun-alorreko asken berrikuntza teknologikoak izango dituzte. Halaber, interiorismo-kontuetan ere eskakizun zorrotzenak beteko dituzte.
Push-Pull unitate modernoenen diseinua, fabrikazioa, hornitzea eta mantentze-lana biltzen ditu bere baitan kontratu berriak. Orduko berrehun kilometro baino abiadura handiagoak hartu ahal izango dituzte unitate berriek. Besteak beste, familientzako atalak, umeentzako eta otoitz egiteko atalak, mugikortasun urriko pertsonentzat berariaz diseinatutako instalazioak, jantoki-bagoia eta ibilgailuak garraiatzeko bagoia, nahi duenak autoa berekin eraman ahal izan dezan.
Birmingham (Erresuma Batua) tranbiez hornitzeko kontratua
Birmingham hiriko herri-garraioen ardura duen erakundeak (West Midlands Passenger Transport Executive) hango tranbia-sistema Centro izen komertzialaz kudeatzen du, eta iragarri du CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles SA) enpresa hautatu duela haren Urbos III gamako 19 tranbiaz hornitzeko kontratua sinatzeko. Gainera, beste 6 ibilgailu ere kontratatzeko aukera aurreikusten da kontratuan, gaur egun aztertzen ari diren sare-zabaltzea azkenean gauzatzen den ere.
Erresuma Batuko bigarren hiri populatuena da Birmingham, eta, proiektu honi esker, areago sendotuko da CAFen presentzia jarraitua Erresuma Batuan —badira zenbait urte CAFen ibilgailuak Leedsen eta Londresen dabiltzala, eta Belfasten eta Edinburghen ere gaur egun proiektuak garatzen ari dira—. CAF UK filialak ibilgailuen mantentze-lanak egiten eta jarduera komertzialetan dihardu, eta haren bidez ere berresten da aipatu presentzia hori, Belfasten, Edinburghen eta Coventryn baititu egoitzak.
Tranbiek helburu duten proiektuak dagoeneko existitzen den sarearen zati bat zabaltzea aurreikusten du, baita gaur egun zerbitzua ematen duten ibilgailuak beste flota modernoago horrekin erabat ordeztea ere. Nabarmentzeko modukoa da hurrena egiteko eskuartean darabiltzaten zabaltze posibleetan badirela CAFek garatu duen sistema berria —energia elektrikoa biltegiratzeko teknologia berritzailea, hain zuzen— erabiliko luketenak. Teknologia hori dagoeneko erabili da Sevillara eta Zaragozara bidali diren unitateetan.