41 tren hornitzeko kontratua sinatu du CAF-ek Letonian

Letoniako operadore nagusiak —Pasažieru Vilciens— CAF enpresari esleitu dio 34 unitate elektriko eta zazpi diesel unitate hornitzeko kontratua, Baltikoko herrialde horretako trenbiderako guztiak ere. Guztira, 400 milioi eurotik gorakoa da kontratuaren zenbatekoa, ibilgailuen mantentze lana (30 urtez) eta horiek egiteko instalazio berrien eraikuntza eta eguneratzea ere barne dela.

Letonian inoiz egin den tren-erosketarik handiena dugu, hango gobernuak azpiegiturak berritzeko abiarazi duen proiektuaren baitakoa. Aipatzekoa da Letonian bertan egingo dela tren horien fabrikazioaren atal bat. CAF enpresak Letoniako RVR (RĪGAS VAGONBŪVES RŪPNĪCA) konpainiari azpikontratatuko dio fabrikazioaren parte bat, herrialde hartako industria- eta ekonomia-garapenaren lagungarri.

PVk eskatutako tren horiek CAFen Civity plataforma (aldirietako eta distantzia ertainetarako trenentzakoa) dute oinarri, eta azken aurrerapen teknologikoak ditu energia-kontsumoari, ingurumenaren zaintzari eta segurtasun-ekipamenduari dagokienez. Lehenbiziko unitateak 2014ko erdi aldera dira entregatzekoak, eta 2015a amaitu aurretik, gainerako guztiak. 

Bi eratako trenak dira kontratu honetakoak: batetik, trakzio elektrikokoak (EMUak), 3.000 Vkz-ra elektrifikatutako trenbidean zirkulatzeko; bestetik, trakzio diesel-elektrikoko trenak (DMUak), elektrifikatu gabeko trenbideetarako. Galibo errusiarra dute bi tren-motek, eta zoru baxuko hiruna bagoi dituzte (muturretako biak, higiarazleak; erdikoa, atoia). Tren bakoitzak eserita joateko 270 lagunentzako lekua du, eta beste 190 zutik joateko (diesel unitateetan, 300 eta 150, hurrenez hurren). Trenen luzera 59,2 m da, eta oztoporik gabeko iraganbidea luzera osoan. Hori dela eta, edukiera handiko trenak dira.

Europako iparraldeko eguraldiarekin (hotz handia) berme osoz ibiltzeko prestatuta egongo dira trenak, eta 140 km/h inguruko abiadura maximoa hartuko dute. Proiektu estrategikoa da CAFentzat, galibo errusiarrarekin egiten dituen lehenbiziko Civity trenak baititu. Bestalde, lehenbiziko urratsa dute CAFeko ibilgailuek merkatu horretan, hots, Errusian eta Sobiet Batasuna zenaren herrialdeetan. Etorkizun handiko merkatua, zalantzarik gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.