Birmingham (Erresuma Batua) tranbiez hornitzeko kontratua

Birmingham hiriko herri-garraioen ardura duen erakundeak (West Midlands Passenger Transport Executive) hango tranbia-sistema Centro izen komertzialaz kudeatzen du, eta iragarri du CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles SA) enpresa hautatu duela haren Urbos III gamako 19 tranbiaz hornitzeko kontratua sinatzeko. Gainera, beste 6 ibilgailu ere kontratatzeko aukera aurreikusten da kontratuan, gaur egun aztertzen ari diren sare-zabaltzea azkenean gauzatzen den ere.

Erresuma Batuko bigarren hiri populatuena da Birmingham, eta, proiektu honi esker, areago sendotuko da CAFen presentzia jarraitua Erresuma Batuan —badira zenbait urte CAFen ibilgailuak Leedsen eta Londresen dabiltzala, eta Belfasten eta Edinburghen ere gaur egun proiektuak garatzen ari dira—. CAF UK filialak ibilgailuen mantentze-lanak egiten eta jarduera komertzialetan dihardu, eta haren bidez ere berresten da aipatu presentzia hori, Belfasten, Edinburghen eta Coventryn baititu egoitzak.

Tranbiek helburu duten proiektuak dagoeneko existitzen den sarearen zati bat zabaltzea aurreikusten du, baita gaur egun zerbitzua ematen duten ibilgailuak beste flota modernoago horrekin erabat ordeztea ere. Nabarmentzeko modukoa da hurrena egiteko eskuartean darabiltzaten zabaltze posibleetan badirela CAFek garatu duen sistema berria —energia elektrikoa biltegiratzeko teknologia berritzailea, hain zuzen— erabiliko luketenak. Teknologia hori dagoeneko erabili da Sevillara eta Zaragozara bidali diren unitateetan.

Entregatuko diren tranbiak joan den urtean Zaragozan zerbitzuan ipini zirenak bezalakoak dira, Urbosen hirugarren belaunaldikoak. Hogeita hamar metro luze dira, 2,65 m zabal, gorputza aluminiozkoa eta lurra laua eta behea dute (minusbaliatuentzat zeharo irisgarria) eta 70 km/h-ko abiadura har dezakete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.