CAFeko Akziodunen Batzarraren aurrean protesta

Gaur goizean CAFeko Akziodunen Batzarra deituta zegoela aprobetxatuz, BDS mugimenduak eta beste hainbat elkartek deituta, Palestinari elkartasuna adierazi eta CAFi Palestinako lurralde okupatuetan eraikitzen ari den trena bertan behera uztea eskatzeko mobilizazioa burutu da CAFeko sarreretako batean.

Gerturatu diren medioei adierazpenak egin ondoren, kalejiran joan gara Beasaingo San Martin plazaraino eta bertan ondorengo adierazpena irakurri du aipatutako mugimenduko kide batek:

Gaur, CAFeko Akziodunen Batzarra ospatzen den egunean, hainbat gizarte talde manifestazioa egiten ari gara berriro Beasainen, Jerusalemen CAF trenbideen euskal enpresa eraikitzen ari den tranbiaren aurka gaudela aldarrikatzeko.

Beste behin ere, proiektu hau legez kanpokoa dela adierazi nahi dugu; izan ere, bidean, palestinarren lurrak desjabetzen ditu, lurralde palestinarra kolonoen aldera anexionatzen du, Jerusalemgo auzoetatik biztanleria palestinarra lekualdatzen du eta kolonoak Palestinako Lurralde Okupatuetara mugitzea errazten du.

Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat erakundek proiektu hau legez kanpokoa dela salatu dugu, eta hainbat kanpaina, ekimen eta ekintza jarri ditugu martxan CAFi kontratu honetan duen partaidetza bertan behera utz dezan eskatzeko: gutunak bidali dizkiogu CAFeko presidenteari, Euskal Herriko kultura-arloko hamaika pertsona ospetsuk elkartasuna adierazi dute, akziodunei CAFen dituzten akzioak berriz aztertzeko eta zuzendaritzari kontratua bertan behera uzteko presioa egiteko eskatu diegu, eta Europa mailako kanpainak aktibatu dira CAFek tokian tokiko kontratuak berritu ez ditzan edo etorkizuneko lanak eskuratu ez ditzan, nazioarteko zuzenbidea bete arte.

Guzti hau Palestinako herriarentzat urterik hilgarrienetako bat bilakatu duten testuinguruan dator: aurten, Israelgo okupazio indarrek 140 palestinar baino gehiago hil dituzte, hauetatik 30 baino gehiago Israelek Gazako Zerrendari egindako azken erasoan; Israelgo kolonoen indarkeria gero eta handiagoa da hainbat hiri eta herri palestinarretan, artzainei, ekintzaile palestinarrei, etxebizitza zein eraikinei etengabe erasotzen die; Palestinako hainbat hiritako eraso militar eta atxiloketa arbitrarioak eguneroko bilakatu dira; baita militar zein kolonoen aldetik jasaten dituzten eraso eta intimidazioak ere. Eraso zein probokazioak Meskiten Zabalgunean bertan geroz eta ohikoagoak direlarik.

Palestinako eta nazioarteko erakunde askok diote Israelen praktikak apartheid krimena direla, Israelek herritar palestinarrekiko diskriminazioa instituzionalizatzen duten arauak eta legeak dituelako. Baina zapalkuntza hau Nazioarteko Komunitatearen pasibotasun eta Palestinaren okupazioaz eta apartheidaz krudelki baliatzen diren enpresen konplizitatearekin soilik manten daiteke. Horregatik, eta Nazioarteko Zuzenbidea bete arte, Israelgo Estatuari Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak egiteko kanpainak hil ala bizikoak direla errepikatzen dugu.

Euskaldun garen aldetik, ezin dugu onartu gure enpresetako batek Palestinako herriaren sufrimenduarengandik etekin ekonomikoa ateratzea. Ezin diegu utzi gure nortasuna eta kultura etekin ekonomiko soila duten helburuak zuritzeko erabiltzen. Horregatik salatu nahi dugu CAFek euskararen normalkuntzaren alde edota CAF-Ehuyar sariak erabiliz egiten duen bere buruaren zuriketa. Eta, noski, ezin dugu ahaztu Eusko Jaurlaritza giza eskubideen urraketen konplize den enpresa honen akzioduna dela eta honetan esku hartu ordez enpresan duen inbertsioa igo egin duela azken aldian.

Horregatik guztiagatik, herritarrei dei egiten diegu Palestinako herriarekin elkartasun aktiboa izan dezaten eta Israelgo Apartheid Trenaren CAF jaitsi zaitez Israelgo apartheidaren trenetik kanpainarekin bat egin dezaten, kontratua bertan behera utzi eta Israelgo apartheid-a amaitzea eskatzeko.

Gaurko ekintzari amaiera emateko, Beasaingo kaleetan zehar zebilen jendeari proiektu baztertzaile honen inguruko informazioa banatu zaio eta Gasteizko Hala Bedi irratiak zuzeneko irratsaioa burutu du plazan bertan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.