Zalantza handiko tren erosketak (Berria, Irune Lasa)

Alderdi batean, behintzat, ez dago zalantzarik: dirutza izaten da jokoan trenbidegintzako eta trengintzako kontratuetan. Historikoki, trenetan egindako inbertsioak handiak izan dira, eta, azken hamarkadetan, gastu horiek izugarri handitzen ari dira, abiadura handiarekin iritsitako megakontratuen ondorioz. 2022. urterako, abiadura handiko trenetako inbertsioa 580.000 milioi euro izango omen da munduan. Horregatik da posible Renferen azken erosketa 2.640 milioi eurokoa izatea. Hori kostako zaio abiadura handiko 30 tren erostea eta 40 urtez haiek mantentzea. 11 urtetan trenik erosi gabe, Renfek poltsikoa bero duela dirudi.

Ikusmina handia zen joan den asteartean Madrilen, han ebaztekoak baitziren nor izango zen irabazlea lau lehiakideen artean —Alstom, Siemes, Talgo eta CAF—. Gardentasun handiena nahi omen zuen Renfek adjudikazioan, eta eskaintza bakoitzaren puntuazioak gordetzen zituzten gutun-azalak ekitaldi publikoan zabaltzea erabaki zuen; gauzak garbi izango ziren horrela: puntuazio onena zuena, irabazle. Ai, baina, gutunekin batera zalantza ere zabaldu zen. Talgok lortu zuen puntuazio onena arlo teknikoan… Eta CAFek arlo ekonomikoan. Renfek esan zuen puntuazioak atzera berriz aztertu behar zirela, okerren bat zegoela. Egia da Beasaingo multinazionalaren zenbakiak deigarriak zirela, eskaintza oso merkea egiten zuelako besteekin alderatuta. Dirudienez, bihar Renfek jakinaraziko du baietz, okerren bat zegoela CAFen puntuazioan, eta Talgorena izango dela kontratua.

Baina horretan geundela, beste zalantza bat agertu da. Askorentzat lehiaketa irabazteko faboritoa zen Alstom konpainia frantziarrak gutun bat bidali dio Renferi Talgok lortutako puntuazioa argitzea eskatzeko. Talgoren Avril trenak, prototipo bat izanik, hainbat irizpide betetzen dituen zalantzan du Alstomek, eta ez du baztertu esleipenari helegitea jartzea.

Frantziako konpainia ez da bakarra izan Talgoren eskaintza ikusi eta dudak agertzen. Bankinterreko burtsa analisten arabera, Talgoren eskaintza merkeegia izan daiteke, eta irabazi tarte txikia onartu izanak egoera kalteberan jar dezake konpainia, adibidez, inflazioa asko handitzen bada. Talgok, bere eskaintzan, KPIaren %1eko hazkundea aurreikusten du, eta beste lehiakideek %1,5eko hazkundearen kalkulua egiten zuten —Renfek ezarritako gehienekoa—. Alde horrek %30 murrizten du trenak mantentzeko Talgoren kostua. Avril trena prototipotik egitatera pasatzean sor daitezkeen arazo teknikoei aurre egiteko aukerak ere gutxituko dizkio irabazi tarte txikiak.

Mozkin tarte txikiarekin zein ez, Talgorentzat hil ala bizikoa zen kontratu hau irabaztea: azken bi urteetan ez du kontratu handirik lortu, eta haren bi bezero nagusi Saudi Arabia eta Kazakhstan ere ez daude gastu handietarako, petrolioaren prezioarengatik. Aurrera gorabehera handiekin egiten ari den Mekarako abiadura handiko trenak Talgoren egungo eskari poltsaren %40 hartzen du.

Datuoi begira, Talgoren hautaketan esku hartze politikoa izan denik ere ez da baztertu behar. Ez litzateke tren megakontratuetan jokaera protekzionistak agertzen diren lehen aldia; Alstomek badaki zer den Frantziako Gobernuaren babesa: orain gutxi baztertu zuten CAF aldiriko trenen 3.000 milioi euroko esleipen batetik, haiek egiteko gai ez zela argudiatuta, noiz eta Alstomek Belforteko lantegia ixtear zegoela esan zuenean.

Eta jatorrian ere badago beste zalantza bat kontratu honen inguruan. Behar al ditu Renfek tren horiek? Jakina da haren abiadura handiko zenbait linea ez direla sekula errentagarriak izango; eta, bestalde, oraingoz ez du asmatu egun dituen abiadura handiko trenak bidaiariz behar bezala betetzen. Zenbaitek dio, ordea, kontratu honetakoak oso ezaugarri bereziko trenak omen direla, eta zenbait lineatarako beharrezkoak; esaterako, euskal Y-rako.

Zalantza asko hainbeste diru jokoan duen kontratu baterako. Ea zein abiaduratan argitzen diren.

talgo
Talgoren 350 trena. Antzekoak egingo ditu Mekarako. EFE

Irune Lasa (Berria 2016-11-27)

ITURRIA:

http://www.berria.eus/paperekoa/1740/022/001/2016-11-27/zalantza_handiko_tren_erosketak.htm

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.