Txileko ordezkaritza politiko bat Beasaingo CAF enpresan izan da gaur, lantegia bisitatu eta bertan Txilerako egiten ari diren metroko trenak gainbegiratzen. Izan ere, Santiago hiriburuko metroarentzat hainbat tren egiten ari da CAF, eta gaur, bukatutako aurreneko unitatea ikusi ahal izan dute. Andrés Gómes-Lobo Txileko Garraio eta Telekomunikazio Ministroa, Rodrigo Azócar Txileko Santiago hiriko metroaren presidentea, eta Iratxe de Madariaga Txilek Bilbon duen kontsula izan dira bertan. Andres Arizkorreta Kontseilari Ordezkariak eta Josu Esnaola Zuzendari Komertzialak lagunduta egin dute bisita.
CAFek eskuartean duen proiektu garrantzitsuenetako bat da Txileko Santiagoko metroarena. 2013an adjudikatu zuten proiektua; guztira 185 kotxe egin behar dituzte, eta 20 urterako mantenu lanak ere hitzartuta daude. CAFek proiektu ugari garatu ditu azken urteotan Hego Amerikan, besteak beste, Brasil, Kolonbia, Mexico, Venezuela, Argentina eta Txile herrialdeetan.
Artikulu hau Goierriko Hitzan argitaratua izan zen 2015ko urriaren 30an. Irakurri jatorrizko albistea.