CAF Taldeak Europan autobus elektrikoak hornitzeko beste hiru kontratu lortu ditu. Zehatzago esanda, 24 metroko 14 unitate hornituko ditu Danimarkako Aalborg hirirako, 30 unitate elektriko Italiako Genova hirirako, eta 24 unitate Bartzelonarako. Kontratu horien batura, gutxi gorabehera, 45 milioi eurokoa da.
Solarisek 14 autobus elektriko biartikulatu emango dizkio Danimarkako Tide Bus operadoreari.
Solarisi esleitu diote Danimarkako Tide Bus operadorearentzat herrialde hartako Aalborg hirirako Urbino 24 modeloko 14 unitate elektriko hornitzeko kontratua. Europa mailan parekorik ez duen eskaria da ibilgailuaren luzerari (24 metro) zein diseinu bereziari (MetroStyle izenekoa) dagokienez. Modelo hau soluzio ezin hobea da bidaiarien zirkulazio handiagoa duten hirietarako. Hala, Bus Rapid Transit-en (BRT) ibilbideetarako bereziki diseinatuta dago.
24 metroko ibilgailu-modelo hau Bruselan 2019an egindako Busworld Europe azokan aurkeztu zuten jendaurrean eta horren helburua da etorkizunean seriean produzitu ahal izateko plataforma bat sortzea. Danimarkako operadorearentzako eskari hau izango da propultsio elektrikoa duten ibilgailu bi-artikulatu esklusibo hauek jasotzen dituen lehenengoa.
Ibilgailua guztira 240 kW-ko gaitasuna duten bi trakzio-motorrekin ekipatuta egongo da bi ardatz motor propultsatzeko. Bestalde, Solaris High Energy baterien paketea ere izango dute, 700 kWh baino gehiagoko guztizko gaitasunarekin (entxufe bidez kargatuko dira). Barrualdeari dagokionez, eserleku bakoitzak gailu mugikorretarako USB ataka bat izango du, eta azken belaunaldiko LED argiztapena izango dute.
Horrez gain, 14 e-bus horietako bakoitza gidariari laguntza emateko hainbat sistemarekin ekipatuta egongo da: MirrorEye sistemarekin, adibidez. Haren kamerek alboetako eta atzerako ispiluak ordezkatzen dituzte, ikuseremua handitzean segurtasuna areagotzen dute eta eguzki-argi handiarekin, eguraldi euritsuarekin eta ilunabarraren ondoren ikusgaitasuna hobetzen dute. Bestalde, aipatu beharrekoa da ibilgailuko puntu itsuekin lotutako arriskuak desagerraraztea ahalbidetzen duen Mobileye Shield + sistema. Amaitzeko, flotaren kudeaketa hobetzeko, Urbino 24 MetroStyle elektrikoa eSConnect tresnarekin ekipatuta egongo da. Mantentzea erraztea eta eragingarritasun operatiboa hobetzea helburu duen diagnostiko integraleko tresna da.
CAF Taldea lider eztabaidaezina da Italiako autobus elektrikoen salmentan.
Solarisek segmentu honekin lotutako beste arrakasta bat lortu du; izan ere, Genova hirian AMT (Azienda Mobilità e Trasporti SpA) operadoreari 30 autobus elektriko entregatzeko lizitazioa irabazi du. Zero isurpeneko material gurpildunean inbertsioak egitea da hiriko autobusen flota erabat elektrifikatzeko asmoz Italiako operadoreak abian jarri duen asmo handiko planaren elementuetako bat.
AMTk eskatutako ibilgailuak 2022ko lehen hiruhilekoan iritsiko dira Liguria eskualdeko hiriburura, eta ekipamendu berritzailea eta segurtasuna izango dira haien ezaugarri nagusiak. Urbino 12 modeloko autobusak eserita doazen 24 bidaiarirentzako edukiera eta gidatze garaian segurtasuna areagotzen dituen MirrorEye sistema ere izango du. Gainera, irtenbide horri esker, ibilgailua estuagoa da eta horrek aerodinamika handitzen du. Gainera, ibilgailua errazago maniobra daiteke Italiako hiri honetako kale estuetan.
Eskari honek baieztatu egin du Solarisek Italiako elektromugikortasunaren esparruan duen lidergoa. Izan ere, Italiako hirietan zirkulazioan dauden autobus elektrikoen erdia baino gehiago dira CAF Taldeak hornitutako ibilgailuak eta, horrekin lotuta, deigarria da datu hau: 2020an, enpresak Italian hornitutako autobus elektriko guztien merkatu-kuotaren ia % 70 eskuratu zuen.
Solarisen autobus elektrikoek Bartzelonako zero isurpeneko flota sendotuko dute.
Bartzelonako metropoli eremuko garraio publikoaren operadoreak (TMB) berriro ere CAF Taldeak fabrikatutako autobus elektrikoak aukeratu ditu bere flotara gehitzeko. Zehatzago esanda, Urbino 12 modeloko 24 ibilgailu elektriko berri 2022aren amaieran iritsiko dira Kataluniako hiriburura.
Bartzelonan entregatuko dituzten ibilgailuak Solaris High Energy bateria bidez elikatuta egongo dira, eta pantografo edo plug-in teknologia bidez birkargatu ahal izango dira. Oso ibilgailu isilak eta isurpenik gabeak dira ; gainera, baterien eta azpiegituraren konfigurazio egokiarekin, eguneko 24 ordutan zirkulatzeko gai dira.
Solaris ibilgailuak 2015ean sartu zituzten lehen aldiz TMB operadorearen flotara. Ordutik, Solarisek TMBri hornitu dizkion ibilgailu guztiek propultsio-sistema hibridoak edo elektrikoak izan dituzte.