Enpresa Batzordearen oharra
CAFek Poloniako erreduktoreen mantentze enpresa batekin (SKB Drive Tech) elkarlanerako asmoa du, MiiRAko gerentziaren arabera, “produktuaren etorkizuna ziurtatzeko”.
Lankidetza horrek eragina izango luke hornitze katean eta muntatzeko gaitasunean; gainera, zuzendaritzaren arabera, handitu egingo lituzke mantentze-lanak hartzeko aukerak (ez bakarrik erreduktoreentzat, baita beste produktu batzuentzat ere).
Zuzendaritzak Erdialdeko Europako eta Ekialdeko Europako merkatuak zabaldu nahi ditu, eta prozesuen kostuak hobetu (ekoizpenaren lokalizazioan eta bolumenean eraginez, eta mantentze-lanetako beste zerbitzu batzuekin osatuz). Hau da, eskaintzetan lehiakorragoak izan eta kaptazio bolumena handitu nahi dutela diote.
Enpresak behin eta berriz adierazi du momentu honetan ez direla lehiakorrak CAF taldearentzat ez diren erreduktoreekin, eta une honetan CAF ez diren eskaerak defizitarioak direla.
Horrekin guztiarekin, enpresak adierazi du aurrerantzean CAFen ekoizpenaren zati bat Polonian egingo litzatekeela, horri buruzko beste ezer zehaztu gabe, eta azpimarratu du eragiketa horrek aukera berriak ekarriko dizkiola produktu horri eta MiiRA berari.
Zuzendaritzak gauzatu nahi duten jarduketaren titular nagusiak baino ez dizkio helarazi Enpresa Batzordeari. Ez dugu zenbakizko xehetasunik, ez ekonomikorik, ez denbora-eperik. Ez dakigu zenbaterainokoa izan nahi den bolumena handitzeari dagokionez eta kezkagarriagoa dena, ez dakigu ezer enpresak Beasaingo enpleguari buruz planteatzen duenaz.
Beste bilera espezifiko bat eskatu diogu CAFeko Zuzendaritzari, Poloniako enpresa horrekiko merkataritza akordioaren nondik norakoak argitzeko. Aldi berean, bilera hori aprobetxatuko dugu Enpresa Batzordeak enpleguaren defentsan duen jarrera bateratua azaltzeko, eta adierazteko egungo eskaera bolumenarekin eta Europa erdialdean eskaerak handitzeko aurreikuspenarekin, ez dugula plantillaren murriztea ekarriko luketen neurririk onartuko.