Goizero legez etxetik atera eta lanera nindoala Maiterekin egin dut topo. “A ze asteburua! Indarkeria matxistak 5 emakume erail ditu asteburu bakar batean! Zer gertatzen da jendarte honekin?” Erantzuteko aukerarik ere ez dit eman, beti bezala presaka dabil, lanera sartu aurretik gurasoen etxetik pasa behar da, izan ere adinean aurrera doaz eta baten batek eskaini beharko die arreta.
Kalean behera noala Mila ikusi dut egunero garbitzen duen portalean erratza astintzen jo ta fuego. “Zelan Mila?”. “Nekatuta, jubilatzeko gogoekin, baina bizitza osoan lanaldi partzialean aritu naizenez, adina bai baina prestazioa jasotzeko baldintza minimoak ez ditudala betetzen esaten didate, hau marka gero!”
Eiderri mezua bidali diot asteburuan plana egiteko, baina lan egin behar duela erantzun dit. Berez kontratua lau ordukoa izanik eta lanaldia astean zehar egitekoa bada ere, tabernetan azkenean zortzi-bederatzi ordu sartu behar izaten ditu, asteburuak barne.
Lanera heldu naiz. Ezin ditut Maite, Mila, Eider eta beraiek bezalako milaka emakumeak burutik kendu. Egunero zaintza lanez arduratu behar diren emakumeak, inolako babesik gabe lan merkatu araututik kanpo lanean dihardutenak, lan merkatu arautuan diskriminazioa eta prekarietatea pairatzera kondenatuak daudenak…
Prekarietatea, azken urteetan jendarte osoan hedatu eta langile sektore ezberdinetara zabaldu den errealitatea bada ere, emakumeontzat ez da gauza berria. Emakumeok aspalditik pairatzen dugun fenomenoa da eta aspalditik pairatzen egon izanak, prekarietate honek suposatzen diguna erlatibizatzera eta egoera hauek arruntzat jotzera eraman gaitu. Anormala dena normalizatzera ekarri gaitu.
Gure eguneroko bizian egoera hauek ikustea ohikoa den arren ez da normala etxeko lanak zein zaintza lanak nagusiki emakumeon erantzunkizuna izatea, edo behintzat, ez luke izan beharko. Emakumeok 3 ordu eta 33 minutu eskaintzen dizkiogu egunero etxeko lanei, eta 4 ordu eta 15 minutu zaintza lanei. Gizonek aldiz ordu 1 eta 29 minutu eskeintzen diete lehenengoei, eta 3 ordu eta 17 minutu bigarrenei. Lan munduan planteatzen diren bateragarritasun neurriak nagusiki emakumezkoei zuzenduak egotea eta emakumeak izatea neurri hauen hartzaile nagusiak ere ez da normala (bateragarritasun neurriak hartzen dituztenen %94,5a emakumeak dira).
Era berean, lan merkatuan emakumeak modu orokortu batean lanaldi partzialetara bideratuak izatea (lanaldi partzialetan diharduten langileen %77,8a emakumeak dira), hilabete bukaerara heldu ahal izateko lanaldi partzialeko hainbat lan egitera behartuak egotea (emakumeen kasuan pobrezia erreala %6,1ean ezartzen da eta gizonezkoen kasuan %5,6an), kontratua lanaldi partzialekoa izan baina azkenean lanaldi osoa betetzera derrigortuak egotea, gizonezkoak baino gutxiago kobratzea, 1.200 euroetara heltzen ez diren lansariak jasotzea, askotan lan merkatu araututik kanpo dauden lanbideak egitera derrigortuak egotea… Guzti hau ez da normala.
Emakumeok pairatzen ditugun egoera hauek ez dira normalak, are gehiago, emakumeok pairatzen dugun prekarietatea ez da kasualitatea. Sistema patriarkalak ondo diseinatutako estrategiaren ondorio zuzena da. Sistemak emakumezkoak prekarietatera kondenatu gaitu, gure burujabetza ekonomikorako eskubidea lapurtu, menpeko nahi gaituelako. Gure bizitza proiektuak modu aske batean garatu ahal izatea baldintzatu nahi du.
Jendartearen gehiengoa indarkeria sexista indarkeria fisiko, psikologiko edota indarkeria sexualarekin lotzen badu ere, indarkeria sexista harago doa. Indarkeria sexistak milaka aurpegi ditu, horietako bat lan munduan emakumeok jasan behar dugun prekarietatea. Bai, emakumeok pairatzen dugun prekarietatea indarkeria da. Beraz prekarietatearen kontrako borroka horretan emakumeak ezinbesteko protagonistak izan behar dugu. Azaroaren 25aren testuinguruan, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, gogorarazi nahi dizuegu emakumeontzat, prekarietatea indarkeria dela eta bertatik ateratzea, gure eskubidea.
Guzti horrengatik, Aiora, Jamila, Loli, Garazi, Aissa… gero eta emakume gehiagok argi dugu horrelako egoerak ez ditugula onartuko, indarkeria sexistaren aurpegi ezberdinak azalarazi eta borrokatuko ditugula. Argi dugu, era berean, sistematikoki emakumeon kontra erabiltzen den indarkeriarekin amaitzeko, emakumeon zapalkuntzan oinarrituko ez den eredu berria eraiki behar dugula emakume eta gizonezkoen artean.
Izaskun Garcia Bordagarai, LABeko Zeharlerroetako Idazkaria