ELA eta LAB sindikatuek agerraldi bateratua egin genuen atzo, Donostian. Joan den uztailaren 22an Eusko Jaurlaritzak, Confebask eta CCOO eta UGTek sasi-gizarte elkarrizketarako mahaian sinatutako akordioa salatu eta haren larritasunaz ohartarazi genuen bi sindikatuetako bozemaleek.
Pasa den astean Jaurlaritza, CONFEBASK eta CCOO–UGTk, hilzorian zegoen elkarrizketa sozialeko mahaia berpizteko borondate argia erakutsi dute. Bi akordio egin zituzten, bata negoziazio kolektiboari buruzkoa eta bestea elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioari buruzkoa. Bata eta beste lotuak daude.
Garbiñe Aranburu, LABeko ekintza sindikaleko eta negoziazio kolektiboko idazkariak gezurtatu egin du akordioen helburua negoziazio kolektiboko esparru propioa babestea denik, “hori gezur borobila da”, adierazi du, “CONFEBASKek ez du euskal esparruko negoziaketak babesteko egitura akordiorik nahi”.
Argi geratu da egon diren bi saiakeratan. “Bietan xantaia egiten saiatu da eta euskal esparrua babesteko asmoa aitzakia hartuta, negoziazio kolektiboan indar posizio hobeak eskuratzen saiatu da. CONFEBASKek euskal langileen prekarietatean sakontzeko jarraitzeko akordioa nahi zuen eta lortu du, beti horretarako prest egon den gutxiengo sindikalarekin eta JAURLARITZAren laguntza paregabearekin”.
“Zinikoa” izan da, berriz, CCOO eta UGTk erakutsitako jarrera. Aranburuk gogoratu bezala, “hemen, bertako hitzarmenen salbatzaile gisa agertzen diren bitartean, Madrilen euskal esparrua erasotzen baitute”.
Akordioaren benetako helburuez galdetuta, Aranburuk hiru asmo nagusi salatu ditu:
“Jaurlaritzaren aldetik argi geratu da erabat patronalaren aldeko hautua egin duela, langileen gehiengoaren interesak alde batera utziz. Euskal langileei iruzur egin die. CONFEBASKekiko menpekotasun jarrera du, eredu eta proiektu ekonomiko neoliberal berbera babesten dute”.
LABentzat akordo honekin egiten duten apustua argia da, “prekarietatean sakondu baino egingo ez duen lan harreman eredu baten aldekoa, estatuko eredu berbera”, zehazki, eta ildo horretatik Aranburuk ohartarazi du “lan kostuen etengabeko merketzean” oinarritzen den lan harreman eredua baten alde egitea ez datorrela bat berrikuntza eta balio erantsian oinarritzen den garapen ereduarekin.
Helburu horretan aurrera egiteko erditik oztopoak kentzeko “bidezidorra” topatu nahi izan dute, gutxiengo sindikalarekin horrelako akordioak eginez, “negoziazio kolektiboa erabat desitxuratuz, hitzarmenak gutxiengoan sinatuz eta gehiengo sindikala baztertzeko erabakia muturreraino eramanez”.
Gogor salatu dugu gaurkoan erabakia, “erabaki erabat antidemokratikoa”, LABen irudiko. Eta ondorio larriak izango dituena, gainera, elkarrizketa soziala erakundetzeko asmo argia azaldu dutelako. “CCOO eta UGTren babesa eta menpekotasun jarrera finantzaketa bidez erosteko modua baino ez da”, adierazi du LABeko bozemaleak.
Honen aurrean zer? Hori da orain erantzu beharreko galdera: Negoziazio kolektiborako euskal esparruaren defentsan berresten gara eta hitzarmenen desblokeoaren aldeko apustua egiten dugu (ez edozein hitzarmen, edukiak dituzten hitzarmenak, beti ere).
Amaitzeko, Aranburuk alderdi politikoei eskaria egin die, beren jarrerak argitu ditzaten, “Lan Harremanetan geratzen ari dena ez delako patronal eta sindikatuen arteko lan arazoa, arazo politikoa baizik.
Jaurlaritzak egin du, patronalaren alde egin ere, argi eta garbi.
Jatorria:
http://www.lab.eus/es/negoziazio-kolektiboa/5415-negoziazio-kolektiborako-euskal-esparruaren-defentsan-berresten-gara