Nafarroako ERRIGORAko olioa eta tomate frijitua, Euskal Baserriko lekaleak eta kantauri itsasoko arrain freskoa astean bitan CAFeko jangeletan urtarriletik aurrera

Jangela Batzordea sortu zenetik (2019) urtean, LABetik jangelako produktuen kalitatea hobetu eta bertako
produktuak erabiltzeko proposamen konkretu desberdinak egin ditugu.

Beste zenbait eskariren artean, bertako produktuen kontsumoa bideratu eta gainera Nafarroan euskara
bultzatzen duen ERRIGORA herri ekimenaren bidez zenbait elikagai konkretu eskuratzea eskatu genuen; arrain freskoa maiztasun handiagorekin (ez soilik astean behin) eta Kantauri itsasokoa izatea, edo barazki izoztua eta aurreprestatuak baztertu eta bertako produktu freskoa erabiltzea.

Bada, asko kostata bada ere, enpresak atzoko Jangela Batzordean bide honetan zenbait aurrera pausu mahai gaineratu zituen: Oliba olioa eta tomate frijitu nafarra (ERRIGORA), lekaleak (Euskal Baserri) eta arrain freskoa astean bitan (Galiziatik eta Pasaiako lonjatik) eskaintzea hain zuzen ere.

Honek zerbitzuaren prezioan eragina izango duela adierazi zuen enpresak, eguneko kostua 0,26€ igoaz. Gastu honen erdia enpresak hartuko luke bere gain, beraz langileok 0,13€ gehiago ordainduko dugu eguneko. 2025 urteari begira beraz, eguneko menuaren kostua 3,72€-koa izango da (+KPI). Gaur egun 3,59€ ordaintzen dugu.

Hemen xehetasunak:

  • Lekaleak: Euskal Baserri (+0,09€ egun eta pertsonako).
  • Tomate frijitua: ERRIGORA (+0,04€ egun eta pertsonako).
  • Oliba olioa: ERRIGORA (+0,05€ egun eta pertsonako).
  • Arrain freskoa asteazken eta ostegunetan Bravomar (Galizia) eta Pasaiako lonjatik (+0,08€ egun eta pertsonako).

Jangelako funtzionamenduaren harira ere zenbait puntu jorratu genituen. Astero jan behar dugunaren aukeraketa egiteko sistema martxan jartzeko aukera aztertzea eskatu genuen, jan soberakina gutxitu, langileon zerbitzua hobetu eta sukaldarien lana errazteko. Jantokietako txandak errespetatzeak duen garrantzia ere azpimarratu genuen.

Zerbitzuaren inguruko desadostasunak ere helarazi genizkion enpresari: azken aldian jakien aukeraren
murriztea, kantitate gutxitzea, jana bukatzean jartzen diren ordezko produktuen kalitatea kontutan izatea
(azken turnoetan).

LAB-etik, jangelako langileen ordezkari batek batzorde honetan parte hartzea proposatu genuen ere, langile hauen ahotik errealitatea zuzenean ezagutzeko. Soilik LAB eta ESKren babesa jaso zuen proposamen honek, gainontzeko sindikatuak zein Zuzendaritza aukera honen kontra jarri ziren. Langile horien baldintzak hobetzeari dagokionez, hotz-egoerei aurre egiteko bitartekoen beharra azpimarratu genuen berriro, ez bait dute inolako berotze-sistemarik.

LABEN BALORAZIOA

Zalantzarik gabe bide onean aurrera pausu bat suposatzen du atzoko batzordean jasotakoak. LABetik ordea, oraindik hobekuntzarako tarte handia dagoela deritzogu eta produktuen inguruko zenbait eskari konkretu berretsi genituen atzoko bileran: Arroza ERRIGORA ekimenetik hornitu, bertako oilaskoa eskaini (Lumagorri), arrain guztia euskal lonjetakoa izatea, barazki freskoak lehenestea, izoztutako zein aurreprestatutako jakiak desagertzea eta iturriko ura erabiltzea beste zenbaiten artean.

Funtzionamenduan eta zerbitzuaren inguruan egindako proposamenen garatzeak ere, jantokietan hobekuntza nabaria ekarriko lituzkete.

Batzorde honetan gainontzeko eragileek duten interes urriak ez du laguntzen aurrera bidean. Hala ere, asko dago oraindik egiteko eta hurrengo Jangela Batzordean zer jorraturik badugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.