Gaur goizean jakin dugu Eusko Jaurlaritzak Socade eta Finantzen Euskal Kontseiluaren bitartez CAFeko akzioen %1,24a erosi dituela eta horretarako ia hamabost milioi euro euro jarri zituela Kutxabanki 425.870 akzio erosteko, 35,22 euroan bakoitza.
Arratsaldean LAB sindikatuak prentsa ohar baten bidez operazio honen inguruko bere iritzia plazaratu du. Hau da ohar horrek dioena:
Eusko Jaurlaritzak CAFeko akzioen %1,24a eskuratu zuela jakin dugu gaurko egunez. Akzio horiek Kutxabanki erosi dizkio. Eragiketa hau, sortu berri duten inbertsio funts publiko pribatuaren lehen eragiketa da.
LABek partehartze publikoaren beharra aldarrikatu du, enplegua eta lurraldearekiko konpromisoak hartzen dituzten enpresa estrategikoetan jarraipen, kontrol eta bultzadarako, beste industria politika baterako dekalogoan aldarrikatu genuen moduan. Gure iritziz, CAF Euskal Herriaren industriaren etorkizunerako enpresa estrategikoa da.
Kasu honetan, akzioen eskuratze hau norabide egokian doan arren, ez du inolako eraginik izango ez enpresaren kontrolean, ez enpresaren jarraipenean ezta enpresaren bultzadan, parte hartze honen ondorioz Administrazio Kontseiluko kide izatea ere lortu ez duelako Eusko Jaurlaritzak. Beraz, beste behin Eusko Jaurlaritzak marketing operazio bat burutu duela esan dezakegu.
Gainera, ez da egia erosketa honekin akzioen jabetza publikoa areagotzen dela, gogoratu nahi baitugu, Kutxabanki erosi dizkiola akzioak, eta Kutxabanken bankarizazio eta pribatizazio prozesuak ekarri duela egoera hau. Hain zuzen ere, eragiketa egin ondoren, CAFeko akzioen %10 baino zerbait gehiagoren jabe izango da oraindik Kutxabank, eta oraindik jakiteke dago zer gertatuko den akzio hauekin. Horrelakoek erakusten dute beharrezkoa dugula industriarentzat euskal banka publiko bat sortzea, besteak beste enpresa txiki eta ertainen finantziazio beharrari erantzuteko. Kutxabankek paper hau hartu behar duela uste dugu, eta hortaz, duen partehartzea mantentzeko eskatzen diogu.
Gure iritziz, azkenaldian enpresa batzuetan gertatutakoek erakusten dute Eusko Jaurlaritzaren enpresen kapitalean parte hartzea era arduragabean gauzatu duela: XEY enpresaren kasuan, akzioen %30 izanagatik, inolako neurririk proposatu gabe likidaziora heldu aurretik eta CELen kasuan, akzioen %40a oparituz enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu aurretik. Jaurlaritzaren lehentasuna ez dira proiektu industrialak eta enplegua, errentagarritasuna baino.
Zergatik uko egiten zaio arazoetan dauden enpresetan irtenbide bat bilatzeari? Zergatik ez dira diruz laguntzen arazo finantzieroak dituzten ehundaka enpresa txiki eta ertain Kutxabank publikoaren alde eginez?
Akzioen erosketa hau, norabide onean eman den urratsa izanagatik, ez da nahikoa ez duelako bermatzen CAFen erabakigunea Euskal Herrian geratuko dela etorkizunean. Uste dugu erosketa honekin Eusko Jaurlaritzak errentagarritasuna bilatu duela, industria sarea sendotzea baino eta hortaz eskatzen dugu partaidetza hau areagotzea erabakigunea Euskal Herrian geratuko dela bermatzeko. Gainera, lan baldintzekiko eta lurraldearekiko konpromisoak hartzen dituzten enpresa estrategikoetan partehartze hau haunditzea eskatzen dugu, euren jarduera bultzatzeko eta jarraipena eta kontrola bermatzeko.
Euskal Herria, 2018ko urtarrilak 4