LAB: «Euskal Pentsio Sistema beharrezkoa eta bideragarria da»

pentsioSistema

LAB sindikatuak pentsioak espainiar estatuak kontrolatuak eta bahituak dituela eta hauteskunde eztabaidan arma elektoral moduan erabiltzen ari direla salatu du. Beldurra eragiteko erabiltzen dituztela eta, hemen, Euskal Herrian, euskal pentsiodunen pentsio publikoak bermatzeko bestelako eredu baten aldarrikapena isilarazi nahi dutela gaineratu du. LABetik gai honen inguruan benetako eztabaida bat egin behar dela exijitu da eta “Euskal gizarte segurantza sistemaren alde”ko proposamena aurkeztu du.

 

PENTSIO SISTEMA PUBLIKOA EZ DA KONTABILITATE KONTUA, BAIZIK ETA AFERA POLITIKO ETA SOZIALA


Pentsio sistema publikoa eratzeko arazoa batez ere politikoa dela jakinda ere, edozelan gaurko egunean dauzkagun datu fidagarri bakarrenetako batzuk emango ditugu:

 

• Kotizazio eta prestazioen inguruko saldoa alde batera zein besterakoa izan da denboran zehar eta, honela, 2000-2009 tartean Gizarte Segurantzaren Kutxa Bakarrera 12.438,27 milioi euro transferitu ditugula esan dezakegu.

• Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsan dauden 60.000 milioietako zati bat euskal enpresa eta langileok ipini dugu; kontzertu-ekonomikoaren arabera neurtuz gero, gutxienez %7,28.

• 2004-2009 epealdian, kupo bitartez, 11.700 milioi euro baino gehiago transferitu ditugu Madrilera; bien bitartean, Madrilek Euskal Herrian egin dituen inbertsioak 3.520 milioi eurotakoak izan dira eta, batez ere, Estatuaren konpetentzia diren eremuetan burutu dira hauek.

 

• Zapateroren Gobernuak azterketa bakarra agindu zion Azterketa Fiskaletako Institutuari: “Las balanzas fiscales de las CCAA españolas con las Administraciones Públicas Centrales”. Hau 2008an argitaratu zen 2005eko datuekin eta Hego Euskal Herriko superabita 1.000 milioi eurotakoa zela adierazi zuen emaitza moduan.

Beste alde batetik, eta gehiago sakondu barik, espekulazio finantziero eta immobiliarioak kontu publikoetan dituen ondorioez bi hitz: eraikuntza faraonikoek, AHTak eta bestelako megaproiektu batzuek, PSOE eta PPko gobernuen iruzur eta itzuli beharrik gabeko diru-laguntzek urtean 3.000 milioi eurotako gainkostua ekartzen digute.

Gaur Espainian egiten dutena ez da gure erreferentzia, ezta euskal ehun produktibo eta sozialak behar duena ere. Guri hobeto edo okerrago joan dakigukeenaren inguruan baino, Espainian bertako egoeraz arduratu beharko lukete. Itxura guztien arabera, inon bada pentsio sistema bideragaitzik, hori Espainiakoa izango da, mandatu konstituzional bidez errekurtso guztiak bankaren interesak ordaintzera bideratu baitituzte, behar sozialei, pentsioak kasu, erantzutera bideratu beharrean.

HEMEN ETA ORAIN GURE PENTSIOAK BERMATZEKO PROPOSAMENA

Besteren artean, euskal gehiengoen arabera sistemaren araudia eta finantziazioa erabakitzeko eskumen osoa izango duen errenta eta babes sozialerako eredu integral bat aldarrikatzen eta proposatzen dugu.

Gizarte Segurantzako Euskal Sistema Publiko bat, zeinak oinarri izango duen:

• Kalitatezko enplegu osoko politika.

• Ordainsariak nabarmen hobetu eta enplegu egonkortasuna bermatzea.

• Kalitatezko gizarte zerbitzu publikoen garapena.

• Bizitza laboral eta pertsonalaren kontziliaziora bideratutako politikak indartzea

• Ezkutuko ekonomia azaleratzea.

• Politika fiskal justu eta progresiboa.

Hemen eta orain gure pentsioak bermatzea:

• Berme-funts bat sortuz, euskal enpresa eta langileen kontribuzioekin eta Estatuko Gizarte Segurantzako Erreserba Fondotik dagokion zatiarekin finantzatua. Horri gehitu behar zaizkio bere bideragarritasuna bermatzeko behar diren ekarpen fiskalak.

• Pentsio pribatuen planei eta funtsei dagozkien hobari fiskalak ezabatu.

• Pentsio publikoetan gastu publikoa gehitzea BPGtik 4 puntu behera dagoena, EBko batazbestekoaren azpitik.

Horregatik guztiagatik, dei egiten diogu Gasteizko Gobernu berriari eta Parlamentuari hemen aipatutako ezaugarrien araberako eztabaida egin dadin; eztabaida egiteko behar eta eskari hori bera alderdi politikoei eta Nafarroako Parlamentuari ere luzatzen diegu. Euskal erakundeei eskatzen diegu beharrezkoa diren iniziatiba guztiak abian jar ditzatela gure pentsio publikoak hemen eta orain bermatu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.