Hiru hilez behin biltzen den jangela batzordearen bilera burutu berri dugu. LABek egindako zenbait proposamenen inguruan jardun gara berriro.
- LABek sustatuta, Nafarroako Errigora herri ekimenak kontserbako tomatea eta entsaladetako olioa hornitzea aztertzen ari omen da Enpresa. Lekaleak berriz, Errigora edo Euskal Baserrik hornitzea aztertzen ari omen dira.
- Bertako arrain freskoa astean behin baino gehiagotan eskaintzea ere eskatu genuen, gaur enpresak astean bitan eskaintzea aztertzen ari direla adierazi du.
- Barazkiei dagokionez, poltsetan prestatuta datorrena, izoztutakoa eta aurrez prestatutakoak ekiditea eskatu genuen. Patatak Arabako Natuber enpresatik eta barazkiak Alfaroko Alcorioja enpresek hornitzen dutela dio Enpresak eta “cuarta gama”-ko produktuak (janaria poltsetan) ekartzen jarraituko dutela. Hornitzailearen kokapenaz gain, barazkien jatorria zein den ordea ez dute argitu. Enpresaren itxikeriaren aurrean, barazkiak freskoak izatea eta CAFeko sukaldeetan prestatzearen garrantzia azpimarratu dugu berriro.
- Egunerokotasunean menuak langile bakoitzak aurrez aukeratu ahal izateko sistemaren bat ezartzea ere ukatu du Enpresak.
- Elikagaiak bertan landu eta sukaldatzeko langile gehiago eta langile hauek lan ordu gehiago izatea ere ukatu dute (langile gehienek lan jardun oso motzak dituzte).
- CAFeko langileek jantokiko turnoak errespeta arazteko irailean komunikazio berriak bidaliko dituztela azaldu dute.
- Jardun jarraietako egunetan edo 14:00etako bazkarietan jakien bariedadea hobetu dela diote eta gaur egun aukera faltarik ez dela apenas sumatzen. Puntu honetan ere gure desadostasuna azaldu dugu eta Enpresak berriro errebisatuko duela azaldu du.
- Soberan egon daitezkeen jakiak behar gehien izan ditzaketen pertsonei bideratzeko eskariaren aurrean, GGBBtak arduradunek soberakinik apenas ez dagoela diote eta beraz ez dela eskari bideragarria.
- Irungo jangelako langileen lan orduen errebisioa ere eskatu genuen eta azkenik bertako langile bati 30 minutuz luzatuko diote jarduna.
- Jantokietako lankideei laneko erropa bertan garbitzeko eskaria (CAFeko langileekin egiten den bezala) ez du erantzun Enpresak. Aztertuko dutela azaldu dute.
- Urte guztian jangela erabili ahal izateko baldintzak berrikusitea ere eskatu dugu.
LABetik oso kritiko azaldu gara Zuzendaritzaren jarrerarekin. Jangelako batzordea sortu zela jada 5 urte igaro dira eta Enpresaren aldetik ezertan urratsik emateko inolako borondaterik ez dugu sumatzen. Bileraz bilera gure proposamenak aztertuko dituztela erantzuten dute soilik. Bitartean jantokiko zerbitzuaren kalitatea murriztuz doala sumatzen da.
Guzti hontan, CAF enpresaz gain, Auzo lagun enpresak ere du ardura. Enpresa honentzako ez da erosoa langileok elikagaien inguruko edo jantokiko baldintzen inguruko eskuhartzea. Beraz, CAF zein Auzolaguni mezu zuzena bidali nahi diegu: CAFeko jantokietan bertako eta kalitateko produktuen kontsumoa bermatu behar da, jantokietako elikagaien kalitatea hobetu behar da eta jantokietako langileek lan baldintza duinak behar dituzte.
Jangela Batzordearen hurrengo bilera urriak 2an izango da eta ordurako aurrerapen konkretu gehiago aurkezteko eskatu diogu Enpresari.