AZAROAK 25: INDARKERIA MATXISTAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Indarkeria matxista tresna nagusienetako bat da emakumeak* eta pertsona genero disidenteak zapaldurik izateko.
Gure jendartea hierarkietan eta botere harremanetan oinarritzen da. Bertan, genero desberdinkeriak emakumeon* diskriminazio eta bazterketa dakartza. Bada, lan munduan gertatzen den indarkeria matxista jendarte honen isla baino ez da.
Hala ere, lantokietan pairatzen den indarkeria matxista ezkutuan geratzen den errealitatea da: indarkeriaren atzean beti dago lanik gabe geratzeko mehatxua eta horrexegatik ez da behar beste salatzen eta aditzera ematen. Lan zentroetako indarkeria salatzeagatiko mehatxuak, zigorra eta zehapenak anitzak dira.
Gure jendartean diren askotariko botere-harremanak lantokietan ere uztartzen dira: sexua, arraza jatorria, klasea, dibertsitate funtzionala… Honengatik, hain zuzen ere, lantokia indarkeria matxistarako toki “aproposa” da, zapalketa ardatz batek baino gehiagok zeharkatzen dituen langileak direlako hor, ahuldade eta babesgabetasun handiagoko egoeran.
Honi guztiari aurre egiteko, indarkeria matxistaren aurkako protokoloak ezinbesteko tresnak dira. LAB sindikatuaren konpromisoa eta apustua irmoa da lantokiak indarkeria matxistarik gabeko guneak izan daitezen. Eta horrela izan dadin, gaur arte egin dugu bezala, enpresa guztiei exijituko diegu protokolo eraginkor eta eragingarriak martxan jar ditzaten.
Bide honetan, gure protokolo proposamena berritu dugu aurten. Berrikuntza hauen artean, hiru dira nagusienak:
- Sexu-jazarpenaz eta sexuan oinarritutako jazarpenaz gain, sexu-orientazioan edo genero-identitate nahiz adierazpenean oinarritutako jazarpena ere txertatzea. LGBTI pertsonei babes eta segurtasun handiagoa bermatu behar zaie, beren sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik jazarpenik jasan ez dezaten eta, horretarako, tresna egokiak sortu behar dira.
- Prozedura egituratzeko proposatu dugu, argiago uler dadin eta modu eraginkorragoan aplikatu ahal izateko, delako prozedura biktimarentzat bermea izan dadin.
- Aldi baterako lan enpresetako langileen, azpikontrataturiko langileen eta enpresarekin zerikusia daukaten langile autonomoen kasuan ere protokoloa aplikatzeko proposatu dugu.
Bestalde, sindikatuak protokolo guztietan ezinbestekotzat jotzen dituen elementurik garrantzitsuenak azpimarratu nahi izan ditugu. Hauen artean honakoak dira:
• Ez dugu onartuko prozesuan langileek parte ez hartzea. Langileen ordezkaritzaren parte hartzea ezinbestekoa da.
• Protokoloa baliozkotzat jotzeko, prestakuntza ere funtsezkoa izango da. Hortaz, protokoloa hedatzeko eta zabaltzeko plana ere prestatu beharko da, langile guztiei ezagutarazteko.
• Protokolo guztiek paperetik kanpo aplikatzeko modukoak izan behar dute, gauzagarriak izan behar dute eta helburu zehatz eta lorgarriak izan behar dituzte.
Azkenik, aipatu behar da emakume* eta genero disidenteok lan-esparruan jasaten dugun prekarietateak indarkeria jasatea errazten duela. Prekarietateak babesik gabe uzten gaitu. Horrenbestez, lan munduko indarkeria matxistaren aurkako estrategiek bi kontu hartu beharko dituzte aintzakotzat: Batetik, enpresetan ganorazko neurriak har daitezela, indarkeria matxistarik gabeko espazioak izan daitezen; ildo honetan kokatzen dugu protokoloa. Bestetik, hauekin batera, prekarietatearen aurkako neurri eraginkorrak exijitzen jarraitu behar dugu, emakumeok eta heteronormatik kanpoko pertsonak lan merkatuan bizi dugun egoera nabarmenki hobetzeko eta gizonak pribilegiatzea helburu duen sistema honekin behingoz amaitzeko.