CAF enpresako soldatzailea zen Celestino Tolosa, eta lanean arnastutako amiantoaren eraginez hil zen. ‘Hauts’ izeneko dokumentala estreinatu dute, Tolosaren eta kaltetu gehiagoren testigantzak oinarri dituena.
Hautsa da amiantoa, eta hark hauts bihurtuak bizitza asko. Otsanda Tolosak (Irun, Gipuzkoa, 1977) lehen pertsonan kontatu eta harrotu ditu hauts denak. Ekhiotz Mantzisidorrek, Omar Granak eta Iñaki Fernandezek Hauts dokumentalean jaso dituzte Otsandaren aita Celestino Tolosak bizi izan zituenak. Bergarako (Gipuzkoa) Seminarixoan estreinatu zuten atzo, eta Irungo Kabigorrin emango dute bihar (19:30).
Hiltzaile isila deitu izan zaio amiantoari, baina hiltzaile isilarazia da agian gehiago?
Urte askoan egon da isilean lantegietan eta gizartean. Orain, hauts hori harrotzen ari gara, isiltasun hori bukatzeko, hauts horren ondorioez hitz egiteko.
Zuk kontatzen duzu beste batzuek tamalez kontatu ezin dutena.
Zoritxarrez, aita ez dago hemen bere testigantza emateko, eta ama ere ez. Amarekin batera hasi nuen borroka hau, eta ez zuen azkenera arte jarraitzerik izan.
Eta zer kontatzen duzu?
Urteak eta urteak eman zituztela lanean jakin gabe zerekin ari ziren lan egiten; eta hauts horren atzean eta ezkutuan zer zegoen jakin gabe. Ezkutatu egin nahi izan zuten dena. Ez bakarrik enpresako buruzagiek, baita enpresako medikuek ere. Estali egiten zuten hori, eta ez zioten behar zuen garrantzia ematen.
Zure aitarena da esaldia: «Zerbait ari gara tragatzen, eta ez duzue kontuan hartzen».
Hori basakeria bat da: jakin gabe eta babesik gabe aritze hori. Haiek ere ez ziren jabetu ondorioak ikusi zituzten arte.
Nor zen Celestino Tolosa?
1943an Alegian jaiotako goierritar bat zen, herri txiki batekoa, betidanik oso inplikatua euskal kulturarekin eta mugimendu sindikalarekin. Oso ikasle ona zen, baina, etxean zuten egoera ekonomikoagatik, 14 urterekin bidali zuten lanera. Gaztea zela hasi zen borroka sindikalean, eta Goierritik alde egin beharra izan zuen, grebak zirela eta. Horregatik etorri zen Bidasoaldera, eta Irungo CAFen hasi zen lanean.
2008an hil zen aita, eta handik urte batzuetara hasi zuen borroka.
Dolu fase bat egon zen hor. Nire amak oso gaizki pasatu zuen. 2014 inguruan, geroz eta amianto kasu gehiago agertzen hasi ziren, eta hildako asko aitaren lankideak ziren.
Zuen aitaren birikak gordeta zeuden Santanderren?
Prozesuarekin aurrera egitea erabaki genuenean, Valdecilla ospitalera jotzea erabaki genuen [Santander, Espainia]. Han egin zioten biriken transplantea. Mezuak bidali nituen hara, eta zortea izan genuen, aita tratatu zuen pneumologo batekin egin genuelako topo. Hark hartu zuen txostenak-eta begiratzeko ardura, eta hara non idazten didan: «Zuen aitaren biriken lagin batzuk hemen daude».
Harrigarria da hori.
Negar batean hasi nintzen. Nola da posible? Nola da posible birikak han egotea? Baina nola da posible aitak argitasun hori izatea une hartan? Transplantea, izan ere, hil edo bizikoa izan zen. Gu gure aitaz despeditu egin ginen operazio gelan. Baina berak guri ezer esan gabe, medikuei eskatu zien gordetzeko bere birikak, zientziarako, aztertzeko zer zen benetan gertatzen zitzaiona. Inork jakin gabe, garai hartan, amiantoa zela eragilea. Ospitaletik esan zidatenean birikena, sentitu nuen aitaren zati bat oraindik gurekin zegoela.
Froga hobeagorik, nekez.
Ni Asviamie elkartekoekin-eta egoten nintzenean, beti esaten zidaten frogak behar zirela, bestela ez zegoela heldulekurik. Hura zen frogarik onena. Ireki zen bidea geldiezina izan zen.
Gogorra izan zen aitaren heriotza, baina gogorra epaiketa ere.
Gogorrena epaiketa izan da. Bazirudien akusatua ni nintzela. Ama oso gaixo zegoen ordurako. Demostratuta zegoen aita lanean gaixotu zela. Zer gehiago behar zuten? Bada, saiatu ziren negoziatzen, azoka txiki bat balitz bezala, kalte ordaina erdira jaisten, aita kriminalizatzen, zero eurorekin geldituko ginela mehatxatzen… CAF da, abokatu kabinete erraldoia duzu aurrez aurre, eta zu bakar-bakar rik zaude. Baina erabaki genuen amaierara arte segitzea, jakin gabe oso ondo non zegoen eta zein zen amaiera.
Eta iritsi da amaiera?
Ez da iritsi amaiera: CAFek ez du oraindik aitortza bat egin. Ez du barkamenik eskatu zer min egin duen adieraziz. Hori falta zaie. Kalte ordainak ez dira bakarrik ekonomikoak, badira emozionalak ere, eta familiok hori behar dugu gure etapak ixteko. CAFek hori egin behar du biktimak moralki eta emozionalki erreparatzeko. Ez dute hala egin, eta bidea ez da bukatu. Egin beharko dute noizbait.
Amaitu duzu dolua?
Horrelakoek —dokumentalek, elkarrizketek…— berritu egiten didate dena, baina hil direnengatik egiten dut, eta oraindik prozesu betean dauden familiengatik.
Elkarrizketa hau BERRIA egunkarian argitaratu da 2021ko azaroaren 24an. Irakurri hemen: https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2021-11-24/hau-ez-da-amaitu-cafen-aitortza-falta-da.htm?utm_source=Telegram&utm_medium=Sare_sozialak_CM&utm_campaign=jakinarazpena