Enpresa Batzordeak, LAB, CCOO eta ESKren babesarekin eta ELAren abstentzioarekin ondorengo oharra publikatu du gaurko egunean:
Pasa den apirilaren 6ean, Zuzendaritzak bilera batera deitu gintuen, BioDonostia Osasun Ikerketa Institututik, erraustegia eraiki aurretik eta ondoren, osasun frogak egiteko CAFeko 20 langile boluntario behar zituztela helarazteko.
Alde batetik, gogor salatu nahi dugu GGBBek Komiteari ezer jakinarazi aurretik, CAFeko langileekin honelako ikerketa bat egitea onartzea. Bestalde, ondoren doazkizuen arrazoiengatik arbuiatzen dugu ikerketa hau:
Planteaturiko ikerketa ez dela beharrezkoa uste dugu, batik bat egiteko modua erabat desegokia eta interesatua delako:
- Nazioartean garatu diren hainbat ikerketek ebidentzia zientifiko sendoa osatzen dute, zeinak errauskailuak (azken belaunaldikoak barne) giza osasunarentzako arriskutsuak izan daitezkeela erakusten duen. Gipuzkoako zein estatu mailako hainbat adituk beren kezka agertu izan dute minbiziari loturiko hilkortasunarekin, malformazioekin eta gaixotasun kardiobaskularrekin erlazioa detektatu delako.
- Zentzu honetan, ez dugu uste ez etikoa ez arduratsua denik gure agintariek jada arriskuzkoa den esposizio baten inguruan ikerketa bat planteatzea. Tamalez, gertutik bizitzea egokitu zaigun amiantoaren ondorioekin alderaketa ez egitea zaila gertatzen zaigu.
- BioDonostiak aurkezturiko ikerketa proiektuak datuak 3 urteko esposizio baten ondoren jasotzea aurreikusten du. Epe hori laburregia da osasun arloari loturiko emaitzak neurtzerako orduan, besteak beste, NBE-k 10 urteko epe minimoa proposatzen du minbiziaren arriskua neurtzerako orduan.
Gezurrekin eraikitako diskurtsoa erabiliz, Gipuzkoako Aldundiak egin nahi duen errauskailuarekin, herritarroi iruzur itzela egingo zaigu. Gainera, Hau, gutxi batzuk negozioa egin dezaten, gipuzkoarron ehunka miloi euro (768 milioiko euroko mailegua 32 urtetan ordainduta) erabiliko dira alferrikako proiektu bat egiteko. Erraustegiak ez dira ekonomikoki bideragarriak, energia sortu eta zaborra bideratzeko bide garestiena dira. Birziklatzeak erraustegiek baino 10 aldiz enplegu gehiago sortzen du.
Erraustegiaren aldean badaude alternatiba errealak martxan Gipuzkoan zein Munduan zehar. Horretarako nahikoa litzateke gaur egun udalerri ugaritan egiten den bezala %70etik gora birziklatu eta gipuzkoar bakoitzak urtean 80 kilo errefus baino gehiago ez sortzea.
Guzti honengatik eta askoz gehiagogatik, ez dugu nahi Gipuzkoako herritarrak eta, bereziki, gure seme-alabak errauskailuek sortutako minbiziaren eta beste patologia batzuen ikerketetan erreferentzia izaterik.