CAFeko Beasaingo eta Irungo Euskara Zerbitzuak «euskararen aldeko jarrera sortzen, sustatzen eta zabaltzen» laguntzen duen ‘Euskara gozagarri’ pilula gorriak banatu ditu.
Urteroko euskararen Motibazio Kanpainaren harira, 2017an, CAFeko Beasaingo eta Irungo lantegietako Euskara Zerbitzuak Euskara gozagarri pilula gorriak banatu ditu, medikuaren errezetarik gabe. «Aurten, aukeran bi pilula zeudela (urdina eta gorria) adierazi genuen aurrena, kartel baten bidez. Baina ondoren, gorriaren aukera egitera gonbidatu ditugu langile guzti-guztiak: behin betiko kartelaren eta egutegien bidez eta kanpainaren nondik norakoa langileei eskura eman diegun goxoki gorrien kaxan doan prospektuan argi eta garbi adieraziz», dio Joxe Begiristain CAFeko euskara arduradunak.
Zertarako
Edozein sendagairen kaxetan izaten den bezala, hartzen hasi aurretik Euskara Gozagarri pilulen prospektu osoa irakurtzea gomendatzen dute. Esku orriak dionez, Euskara Gozagarri euskararen aldeko jarrera sortzen, sustatzen eta zabaltzen laguntzen duen suspergarria da; «lan mundua euskaratzearen garrantziaz jabetzen laguntzen du». Pilularen osagaiak zazpi dira: ilusionina (150 mg), ideia-argitasunola (30 mg), argudio-egokina (60 mg), gogo-esentzia, ausardina, koherentziola eta kohesionina. Aho bidez hartzen da. «Egunean nahi beste har daitezke, baina komenigarria da goizetik hartzea, gosaldu aurretik zein ostean. Egunean zehar gogoratzeko dosiak har daitezke».
Euskara Gozagarrik ez dio kalterik egiten haurdun dauden emakumeei, ez eta euren bikotekideei. «Euskararen transmi- sioan jarrera eta jokamolde egokiak izaten laguntzen du. Edoskitze garaian umearen hizkuntza gaitasunean ez ezik, biharamunean izango dituen jarreretan ere eragin positiboak izango dira», dio prospektuak.
Euskara Gozagarri hartzeak ez du gaztelania edo beste hizkuntzarik ahazteko «arriskurik» sortzen. «Aitzitik, eleaniztasun pertsonal zein sozialerako guztiz onuragarria da. Hizkuntza inposizioaren aurkako hipersentsibilitatea eragin dezake».
Interakzioei dagokienean, euskaraz aritzeko joerak beste hizkuntzen kudeaketan eraginkorragoa izatea sor dezake pilulula gorriak. «Eleaniztasunerako bidea errazten du. Euskara Gozagarrik euskarazko gaitasun-komunikatiboaren alderdi ugari beste hizkuntzetara transferitzea errazten du».
Euskara Gozagarriren gaindosiaren ondorioak ez omen dira deskribatu. «Gerta daiteke gehiegizko exigentzia garatzea norberarekiko zein ondokoekiko. Horrelakoetan komeni da urratsez urratseko prozesua dela gogoratzea eta egindako urratsei begiratzea». Gozokiak epeletan eta bistara izatea komeni da.
ITURRIA:
http://goierri.hitza.eus/2017/01/25/euskara-gozagarri-pilula-gorriak/