Euskal sindikatu eta eragile sozialek martxoaren 16an Bilboko kaleak betetzeko deiladia luzatu dute

martxoak 16

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU CGT-LKN eta CNT sindikatuek beste hainbat eragile sozialekin batera agerraldia egin dute Bilbon, instituzioetatik aplikatzen ari diren politikak salatu eta alternatiba eraikitzea presazkoa eta posible dela aldarrikatzeko. Argi utzi nahi izan diete Nafarroa eta Gasteizko gobernuei Euskal Herriko jendartearen eskaerei erantzun behar dietela Madrilera begiratu beharrean. Euskal jendarteak ozen aldarrikatu ditu politika sozial eta laboral propioak eta hala egingo du berriro ere martxoak 16an arratsaldeko 17:30 ean Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioan.

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT-LKN eta CNT sindikatuen eta beste hainbat eragile sozialen irakurketa

MUGI GAITEZEN GURE ESKUBIDEEN

Sindikatu eta eragile sozialen prentsaurrekoa.
«Datuek eta errealitateak adierazten digute murrizketen bidez egin politikak ez gaituztela krisialditik ateratzen, aitzitik, urte luzez borrokatuz lortu ditugun eskubideak deuseztatu nahi dituzte.
Hego Euskal Herri osoan 230.878 pertsona daude langabezian. Marka historiko berri honek islatzen du bizi dugun unearen larritasuna. Bereziki kezkagarria da, langabetuen %47,5ak, hots, bi langabetuetatik batek inolako saririk ez jasotzea.

Erakundeek erabaki dute gizarte-gastuak murriztu behar direla, horren harira, gizarte-zerbitzu publikoetara zuzendu aurrekontuak urritu dituzte. Osasungintzara, hezkuntzara, etxebizitzara, ingurumenera, lankidetzara, etab… zuzendu aurrekontuak murriztu dituzte, baita gizarte-laguntzak eskuratzeko betekizunak eta gizarte-laguntzen zenbatekoa ere.

Gizarte-laguntzak jasotzen dituztenak kriminalizatzen dituzte, langabetuak errudun bihurtzen dituzte, gizarteko sektore handiei oinarrizko zerbitzuak ukatzen zaizkie, adibidez, osasungintzarako, etxebizitzarako, elikatzeko dagozkien eskubideak; honez gain, elkartasuna oparoaldietarako gorde behar dela irizten diote.

Egoera honetatik irteteko dagoen bide bakarra eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzea da. Euskal Herrian badugu horretarako aukera, eta hala ere, geure bideari ekin baino, Madrileko aginduak “derrigorrezkoak” direla esanez babesten dira, ezer alda ez dadin. Honela:
• Lan baldintzei eta soldatei eraso diete.
• Lan sistema, pentsio sistema eta negoziazio kolektiboa erreformatu dute kapitalaren onuran.
• Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzen dituzten politikak ez dute inola ere lehenetsi.
• Langabezia egoeren estaldura urritu dute.
• Batik bat, etorkinei, emakumeei,… eragiten dieten baztertze eta pobrezia guneak edo poltsak nabarmenki ari dira hazten.
• Menpekotasun legearen garapena eten da.
• Zerbitzu publikoak eraso dituzte, batez ere, hezkuntza eta osasungintza.
• Aurrekontuak murriztu dira, publikoa 2005. urteko mailetara eramanez.
• Oro har, murrizketa politika ezartzen ari dira, zeinak oinarrizko eskubide eta askatasunekin zerikusia duen orori eragiten dion (justizia jaso ahal izatea, abortu legea, etxegabetzeak,…).
• Bankari, industria militarraren negozio makabroari eta mega-azpiegiturei ematen diete dirua oraindik ere.
Bestalde, herritarroi egokitzen zaigu zerga-bilketaren zama osoa. Zerga-politikak mesede egiten die errenta handiei eta kapitaleko errentei, eta zerga-iruzurra burutzen uzten diete oraindik orain.

Hego Euskal Herrian, Europako azken lekuetan gaude zerga-bilketari dagokionez, batik bat, kapitaleko errentei, enpresen irabaziei eta ondasun handiei hartzen zaien zerga-arduragabekeriak eraginda. Honez gain, honi gehitu beharko genizkioke urtero Foru Ogasunek zerga-iruzurra dela-eta biltzen ez dituzten milaka milioak (gehiena errenta handiek eta enpresek egiten dute).

Hitz batez, egungo politikek, bidegabeak izateaz gain, ez gaituzte krisialditik aterako; horrexegatik errotik aldatu behar ditugu interes neoliberalekin soilik bat datozen lehentasun politikoak. Xede horretan, argi dakigu zein den egin beharko litzatekeen bidea:

• Ezartzen ari diren eta gizarte-porrotara garamatzaten murrizketak eta politikak arbuiatu behar dira.
• Hego Euskal Herriko erakunde guztiei eskatuko diegu ez ditzaten ezarri Rajoyk inposatu nahi dizkigun murrizketak: osasungintzan, hezkuntzan, 37 ordu eta erdiak.
• Aukera berdintasuneko politikak, laneko eta norberaren bizitza uztartzeko politika eraginkorrak diseinatu behar dira. Lan produktibo eta erreproduktiboaren banaketa.
• Gure administrazioei eskatuko diegu erabat alda ditzatela darabiltzaten politikak: gizarte-laguntzetan, osasungintzan, hezkuntzan, euskararen normalkuntzan, lankidetzan,… ezarritako murrizketakindargabetu.
• Murrizketa politikak baztertu eta gizarte-gastuen partidak areagotu, gizarte-babesean Europarekin bat egiteko.
• Gizarte-zerbitzu publikoen sare unibertsala aurrekontu publikoen kontura, menpeko pertsona guztien estaldura bermatuz.
• Langabetuen babes ekonomikoa bermatu behar da.
• Bizitza duinerako eskubidea bermatu behar da.
• Zerga-politika bidezkoa eta progresiboa, azken hamarkadetan onartu diren erreformetan atzera eginez eta aberastasunaren banaketa zuzenari lagunduz. Hots, zerga-iruzurraren aurkako benetako borroka egin behar da.
• Sozialki alferrikakoa den gastua baztertzearen aldeko hautua: gastu militarra, AHT, erraustegia, fracking,…
• Kalitateko enplegua sortu, zerbitzu publikoen eta inbertsio publikoaren defentsa biztanleriaren premiak ase daitezen.
• Gure herriko sektore estrategikoen defentsa, adibidez, lehen sektorea eta garraioa, biek egon behar dute gizartearen zerbitzura.
• Gizarte-eragileek eta sindikatuek politika publikoen zehaztapenean eta ebaluazioan parte hartzeko benetako eskubidea izan behar dute.
• Lan eta gizarte-politika propioen diseinuan eta inplementazioan aurrera egitea, hots, aurrera egin behar da aberastasunaren eta lan produktibo eta erreproduktiboaren banaketan eta lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren lorpenean.
Hortaz, euskal jendarteari dei egiten diogu martxoaren 16an Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioan parte har dezan. Manifestazioa Jesusen Bihotzetik abiatuko da arratsaldeko 17:30ean.
 

Euskal Herrian, 2013ko otsailaren 18an» 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.