Hidrogenoaren eta erregai-pilen garapena bultzatzeaz arduratuko den Europako Batzordearen agentziak, FCH JUk, FCH2RAIL proposamena aukeratu du 10 milioi euroko balioa duen EBren diru-laguntzarako akordioaren negoziazioak abiarazteko. FCH2RAIL proiektua CAFek zuzenduko du teknikoki eta hidrogeno bidez propultsatutako tren-prototipoa garatzea ahalbidetuko du. Horretarako, H2020 programaren bidez Europako funtsek emandako finantzaketa handia jasoko du.
Proiektuak, bere fase ugarietan, prototipo berritzaile baten diseinua eta fabrikazioa zein balidazio eta homologaziorako beharrezko probak jasoko ditu. Horren guztiaren helburua izango da zero isurpen eta diesel-motorrekin propultsatutako gaur egungo trenekin lehiatzeko gai den eta errendimendu operatiboa duen produktua lortzea diseinu berriko ibilgailuetan zein birgaitze-lanetan.
Proiektuaren zati garrantzitsu bat izango da Europako tren arloko batzorde normalizatuetan parte hartzea helburu hauekin: arau berrien idazketa edo lehendik dauden arauen eguneraketa bultzatzea Europako trenbide-sarean hidrogeno bidezko pilen teknologiari tokia egiteko beharrezko baldintzak aintzat hartuta.
Hautatutako kontsortzioa CAF, DLR, RENFE, TOYOTA MOTOR EUROPE, ADIF, IP, CNH2 eta FAIVELEY Stemmann Technik enpresek osatzen dute eta dagoeneko hasi du kontratu-akordioa ixteko prozesua. Hitzarmen horrek bazkide bakoitzak izango duen partaidetzaren irismenarekin lotutako xehetasunak jasotzen ditu. Aurreikuspenen arabera, prozesua urtea amaitu aurretik bukatuko da eta, ondorioz, proiektua 2021eko urtarrilean hasiko litzateke.
Ondorioz, Europako lau herrialdetako (Espainia, Belgika, Alemania eta Portugal) enpresen partaidetza jasotzen duen proiektuak 4 urte inguruko iraupena izango du eta horren aurrekontua 14 milioi euro baino gehiagokoa izango da. Zenbateko horren % 70 inguru Europako funtsen laguntzarekin bideratuko da.
Proposamenak prototipo baten diseinua eta fabrikazioa jasotzen ditu, RENFEren gaur egungo hiru kotxeko aldiriko unitatea eta, zehatzago esanda, Civia seriea oinarritzat hartuta. Bertan, hidrogeno-piletatik eta LTO baterietatik eratorritako energiaren hibridaziotik abiatuta sorkuntza elektrikoko sistema berria instalatuko da eta hori, aldi berean, ibilgailuan lehendik dagoen trakzio-sistemarekin integratuko da. Hala, hidrogeno bidezko pila duen bimodo ibilgailuaren tren arloko lehen erakusleetako bat bihurtuko da. Horri esker, ibilgailu kontzeptu horrek azpiegitura elektrifikatuan modu elektrikoan zirkulatu ahal izango du, eta modu hibridoa katenariarik gabeko tarteetan zirkulatzeko gorde. Gerora, bidean proba-fasea jarriko dute abian hibridazioko soluzioa eta bimodoaren aukera (elektrikoa/hidrogenoa) optimizatu ahal izateko. Amaitzeko, Europako hiru herrialdetan balidazio-prozesua egingo dute eta Espainian eta Portugalen, eta oraindik zehazteke dagoen hirugarren herrialde batean homologazioko maila ezberdinak eskaini dituzte. Bestalde, hidrogeno-pilek sortutako beroa aprobetxatzeko hainbat irtenbideren ikerketa jasoko du proiektuak energia-eragingarritasuna areagotzeko neurri gisa.
Horrekin lotuta, gogorarazi beharrekoa da gaur egun, eta nahiz eta lineen elektrifikazioko programa tradizionalen hedapena martxan egon, zabalkuntza hori oraindik ere mugatua dela eta horren arrazoi nagusia da horrek eskatzen dituen kostu altuak izatea. Hori dela eta, oraindik ere hamarkada batzuk igaroko dira erabat gauzatu arte. Gaur egun, EBko trenbide-lineen erdia ez dago elektrifikatuta eta diesel bidezko trenek zirkulatzen dute horietan. Tren mota horiek kutsadura atmosferikoa eta akustikoa sortzen dute.
Arrazoi hori dela eta, azken urteotan handitu egin da garraio-agintaritza publiko eta pribatu ugarik (EBkoek zein bertatik kanpokoek) trengintza arloan hidrogeno bidezko erregai-pilak erabiltzea oinarri duen teknologiarekiko duten interesa. Proiektuak teknologia berritzaile horren garapenaren aldeko apustua sendotu du eta horren erronka nagusia izango da gaur egungo deskarbonizazio-testuinguruaren baitan diesel-trenekiko alternatiba lehiakor bihurtzea.
Jatorrizko albistea: https://www.caf.net/eu/sala-prensa/nota-prensa-detalle.php?e=316