Miramongo Parke Teknologikoko Auditorio parean elkarretaratzea egin genuen pasa den ostiralean, “PNV, zuen eredua #Spanishprecarity4.0, langileok euskal Estatua!” leloarekin.
Protesta honekin, Espainiako erregearen bisita salatu nahi izan genuen, EAJk bultzatzen duen benetako ereduaren erakusgarri baita; alegia, Espainiako lan erreforma eta prekarietatean oinarritutako eredua, etorkizunik ez duen eredua.
Erregearen bisitak ongi asko erakusten du zein de hemengo instituzioek, batez ere Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen eredua. Industria 4.0. propagandaren atzean prekarietatea zabaltzeko apustua besterik ez dago. Egiten duten apustua espaniar Estatuko eredua kopiatzea da. Honek prekarietatearekin lehiatzen saiatzea suposatzen du eta LABen iritziz industriak ez du etorkizunik bide honetatik jarraituz gero.
Gainera lotsagarria iruditzen zaigu inoizko aberastasun haundiena sortzen ari den bitartean negoziazio kolektiboa blokeatzen duen patronalari Jaurlaritzak babes osoa eskeintzea. Industria aurreratua izango bada, sozialki eta lan baldintzetan aurreratua izan behar da. Espainiako eredua aplikatzeari utzi eta industria politika propioa, inbertsioan eta aberastasunaren banaketan oinarritutakoa bultzatzea behar du herri honek.
Tamalez, aurrekontuetan erdietsitako akordioak, beste behin erakusten du EAJ eta PPren proiektu ekonomikoa berberak direla: patronalaren, eta bereziki Confebasken eredu berbera, burujabetza ekonomikoari, erabakiak hemen hartzeari uko egiten diona. LAB hau aldatzeko borrokatuko da, hau baita egoera aldatzeko bide bakarra.