Hainbat dira Enpresa Batzordeak errodajeen unitatean zabalik dituen fronteak: batzuk informazio eskaera hutsak dira, beste batzuk argibide eskaerak, bilerarako eskaerak, baita berariazko eskakizunak ere. Alabaina, gehienek soluziorik gabe jarraitzen dute oraindik, kontuan hartuta horietako batzuek urtebetetik gora daramatzatela mahai gainean.
Giza Baliabideetan izandako aldaketen ondoren, eta arduradun izendatu berriak lanean, bazirudien une batean hainbat gairi erantzungo zietela, aditzera eman baitzuten arintasun handiagoa eman nahi zietela giza baliabideen eta aipatu unitateko arduradunen arteko komunikazioei. Areago, Enpresa Batzordeak idatziz helarazi zizkien hainbat gai aztertzeko bilerak egin ziren; izan ere, gai horiek bileretan zuzenean aztertzea nahiago izan zuten, “arintasuna” emate aldera. Baina, ezta hurrik eman ere. Gai horietako askok gaur egun erantzunik edo soluziorik gabe jarraitzen dute, eta geroztik beste hainbat kontu planteatu dira, antzeko emaitzarekin, besteak beste:
2016/11/22an, bilera egin genuen Enpresa Batzordeak, Giza Baliabideak eta gurpiletako hainbat arduradunek (KR eta Zelulak), taller horietako hainbat alderdiri buruz hitz egiteko (besteak beste, prima ordaintzea), eta gaur egun, oraindik ere, bilera hartako aktaren zain jarraitzen dugu.
Granaila 4 errelebotan jartzeko asmoaren aurrean, eta horren inguruan hainbat bilera eginda, 2017/03/22an Enpresa Batzordeak hainbat eskakizun egin zituen, 4. erreleboa ezarri aurretik erantzun beharrekoak; oraindik ez dugu erantzunik jaso.
Mekanizazio-zeluletan lan-prozedura berriak ezartzeari dagokionez, eta kaltetuekin 2017/05/05ean egindako batzar lokalizatuaren ondoren, Enpresa Batzordeak batzar horretatik ateratako ondorioak bidali zizkien tallerreko buruei eta Giza Baliabideei; ez dugu inolako erantzunik jaso.
Erantzunik gabe luzeen daraman eskakizuna grasa-kaxetako langileei dagokiena da. Langile horiek Enpresa Batzordera etorrita, eta haien kexak azalduta, Batzordeak Giza Baliabideei eskatu zien euren lana definitzea, aktibitate finkoa ezartzea, eta banatutako lan-bonuak errespetatzea. Eskaera duela urtebete eginda, oraindik “aztertzen ari direla” erantzun digute.
Ardatzen arloan ere asko dira konpondu beharreko kontuak: mekanizazio-zelula berriaren kokapena eta distribuzioa, izan zitzakeen egutegia eta ordutegia, zenbat langile izango zituen eta nola egingo zuten lan publiko egin zenetik Giza Baliabidekoei eskatu genien defini zitzatela batetik nortzuek osatuko zuten talde bakoitza, eta arlo horretan lan egin baina zelula berrira pasako ez ziren langileak non birkokatuko zituzten. Enpresak erantzun zigun “oraindik pertsonak definitu gabe zeudela, eta are gutxiago taldeak”, eta definitu bezain laster jakinaraziko zigutela. Aktibitatea nola ordainduko zuen definitzea ere eskatu genien, instalazio berria baitzen. Gai horretan ere itxaroteko eskatu ziguten. Helarazi ziguten bakarra izan zen formakuntza-epean geunden bitartean “orain arte bezala ordainduko zela”.
Bada, zelula berria martxan jartzekoak diren une honetan, Enpresa Batzordeak, (eta, beraz, langileek) oraindik ez daki nola osatuko diren taldeak, komodinak egongo ote diren, nortzuk izango diren komodin horiek, edo nola ordainduko den aktibitatea. LABen iritziz, egoera hori onartezina da. Giza baliabideei edo ardatzen zuzendaritzari exijitzen diegu aipatu ditugun kontu horiek guztiak argi ditzatela zelula berria lanean hasi aurretik.
Azkenik, 2016ko maiatzean, ordurako, Enpresa Batzordeak helarazi zien kezka nagusi zela makina horietako langileen artean ikusirik zein gertu zeuden ardatzen prentsatik, eta bibrazioei dagokienez, prentsak eragin zitzakeen ondorioengatik. Giza baliabidekoek erantzun ziguten “kontuan hartuko zutela, eta erantzun bat emango zutela”. Zori txarrez, gure iragarpen txarrenak bete dira; gaur egun, ondorioak pairatzen ari gara. Ardatzak ez dira ateratzen ari errektifikatzeko makinatik beharrezkoa luketen kalitatearekin, eta ondorioz, “ez ekoiztea erabaki dute, ardatzen prentsa ekoizten ari den bitartean”. Nor edo nortzuk dira instalazio berri horretan gauzak horrela gertatzearen arduraduna/ak, areago horretaz ohartarazi genienean? Zer ondorio izaten ari da gorabehera hori produktuaren entrega datetan? Zer irtenbide emango zaio? Espero dugu galdera horien erantzunak ahal denik eta azkarren edukitzea; hala ez bada, bestelako neurriak hartu beharko ditugu, ez bait gara urtebete zain egongo erantzun baten esperoan gaudela gogorarazteko.
Beasainen, 2017ko maiatzaren 17an
LAB-CAF Sail Sindikala