ENPRESA BATZORDEAREN OHARRA

Joan den asteazkenean, hilak 23, oporretako azken egunean, arratsaldeko azken orduan, Enpresako Zuzendaritzak Enpresa Batzordeari jakinarazi zion hurrengo egunean (hilak 24, osteguna) 4. dibisioko 8. nabean lan egiten duten pertsonek ezin izango zutela lanera joan, nabe horretan amiantoa kendu ondoren ingurumen-neurketak ez zirelako zuzenak eta aireko amiantoaren maila legez baimendutakoa baino handiagoa zelako.

Ostegunean bertan langileen ordezkariek eta enpresako arduradunek lehen bilera egin zuten. Bertan, Enpresa Batzordeak neurketa berriak, 7. eta 9. nabeetarako neurri gehigarriak, garbiketarako azpikontratatutako langileentzako segurtasun- eta kontrol-neurriak eta abar eskatu zituen. Lantegiko pertsona guztien osasuna ziurtatu arte, jarduera bertan behera uzteko aukera ere mahai gaineratu zen Komitearen aldetik.

Enpresak erantzun zuen Osalanekin koordinatuta ari zirela eta jarraibide eta protokolo guztiak errespetatzen zituztela.

Enpresa Batzordeak hurrengo bileretan neurketak egiteko eskaren ondorioz, azkenean Enpresak onartu egin zuen 7. eta 9. nabeetan aire-proba gehigarriak egitea. Horrez gain, norbanako frogak egitea adostu zen 8. nabean eguneko 6 langileri laginak jasotzeko. Enpresa Batzordeak tailerretako hainbat puntutan zeuden hauts-laginak aztertzeko beharra azpimarratzen zuen langileen kezkak argitzeko. Enpresak uko egin zion proba horiek egiteari, balorazio bat egiteko balio ez zutela argudiatuta.

Honetaz aparte, Enpresa Batzordea ere Osalanekin harremanetan jarri zen, egoeraren berri emateko eta, teorian, langileen osasuna zaintzen duen erakunde publikoari enpresak hartutako zenbait neurriren inguruko kezkak eta desadostasunak azaltzeko. Osalanek gertatutakoaren berri bazuela erantzun zuen eta enpresarekin harremanetan zegoela une oro, garrantzia kenduz eta ekintza egokiak egiten ari zirela argudiatuz.

Azkenik, hilaren 29an, asteartea, Enpresako Zuzendaritzak Batzordeari jakinarazi zion 8. nabean, astelehenak 28an langileei hartutako 6 laginetatik 4k positibo eman dutela eta, beraz, datozen egunetan 7., 8. eta 9. nabeetako langile guztiak ezingo direla lanera joan. Akaberako hiru nabeetan garbiketa sakona egingo dela aipatu zuen Enpresak.

Gertatutakoaren aurrean, Enpresa Batzordeak honako hau adierazten du:

  • Egun hauetan gertatutako guztia ekidin zitekeen zentzugabekeria hutsa da.
  • Enpresako Zuzendaritzak berriro lehenetsi du produkzioa, langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik.
  • CAFen amiantoaren inguruan dugun ibilbidearen jakitun, bereziki larria da horrelako egoerak enpresa honetan gertatzea.
  • Osalanek egoera horren aurrean duen utzikeria ere salagarria da.
  • Guzti honek zuzeneko arduradunak ditu CAFen, eta, beraz, egoeraren arduradun nagusien kargugabetzea eskatzen dugu.
  • Bestalde, balizko erantzukizunak eta gai honek izan dezakeen bide judiziala aztertuko ditugu.
  • Nabe horietan egon diren enpresako eta azpikontratetako pertsona guztien arriskuarekiko esposizioa aitortzea eskatzen dugu.
  • Gune hauetako segurtasuna % 100ean bermatu arte, langile bat bera lanera ere ez itzultzea eskatzen dugu.
  • Era berean, nabe horietan garbiketa-lanak egiten dituzten langile guztiek protokoloak jasotzen duen moduan horretarako behar den prebentzio-material guztia izatea eskatzen dugu.
  • Egoera hori Zuzendaritzaren zuzeneko erantzukizuna denez, galdutako lanegunak osorik eta langileei inolako kalterik eragin gabe ordaintzea eskatzen dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.