Ostiralean Osalanen Batzorde Orokorra bildu zen. Gai-ordenean bi puntu bozkatu behar ziren: 2009ko jardueren memoria eta 2010rako Kudeaketa-Plana. ELAk eta LABek kontrako botoa eman genuen bietan.
Enpresetako lan-segurtasun eta -osasunaren egoera kezkatzekoa da oraindik. Segurtasun neurrien gabezia eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Legea saihestea errealitatea dira. Egun langile okupatu kopurua txikiagoa den arren, iazko istripu eta gaixotasunen datuek hori frogatzen dute.
Osalanek plazaratu duen 2009ko memoriari buruz, esan beharra dago iaz erakunde horrek egindakoa eta lortu diren emaitzak eskasak izan direla. Ez dira aurreikusitako ekintza guztiak burutu, batzuk oraindik zirriborro besterik ez dira, eta gainontzekoetan aurreko urteetako errepikapena izan da nagusi. Orainarte moduan, aurkeztutako emaitzek porrot nabarmena islatzen dute: prestakuntza langile gutxiagok jaso dute; ikuskaritza eta kontrola ez da eragingarria, eta bere emaitzak ez dira ezagunak; eta laneko gaixotasunak ez dira detektatzen, ezta kudeatzen ere.
Benetako politikarik ezean, hutsunea propaganda, kanpaina eta jardunaldiekin bete nahi dute, baita enpresei diru-laguntzak eta sariak emanez; horrek ez du inondik ere segurtasunaren eta osasunaren egoera hobetzen.
Gauzak horrela, 2010rako Kudeaketa Plan hanpatsu eta handinahia proposatzen dute. Beronen helburuak ez dira errealistak. Gogora dezagun Osalanen aurrekontua aurten %8,4 murriztu dutela, eta bitartekoak ere hein berean urriagoak direla. Lehentasuna ematen zaio elkarrizketa sozialaren mahaia delako horri, eta beste urrats bat eman nahi dute Osalan haren menpeko egiteko. Adibidez, Osalanen planean aldaketak sartzeko aukera izatea proposatzen dute, elkarrizketa sozialaren mahaian gutxiengo sindikalarekin adostutako ekintza edo erabakiak ezartzeko. Hartara, zertarako onartzen da plan bat, gero elkarrizketa sozialaren mahaian aldatzeko aukera badago?
Izatez zehaztasunik gabeko plan bat dugu hau, aurreko esperientzia txarrak guztiz alboratzen dituena. Oraingoan ere ez da enpresen ikuskaritza areagotzen; horren ordez, diruz lagundutako motibazio kanpainak egin nahi dituzte, enpresaburuek prebentzioa egin dezaten: legea bete dezaten. Ez dago ere laneko gaixotasunak prebenitzeko eta detektatzeko taxuzko planik.
Honelako politikak ikusita, argi dago gobernuak ez daukala istripuen zergatiei aurre egiteko borondaterik, inondik ere. Ez da patronalaren interesen kaltetan joan litekeen inongo erabakirik hartzen: prekarietatea borrokatzea, azpikontratazioa mugatzea, iruzurreko kontratuen kontrako politikak… Gaur berriro argi geratu da gobernua eta patronala bat eginda daudela, baita lan-osasunari dagokionez ere, eta Batzordean gertatuak interes horiek nola uztartzen diren nabarmentzen du.
2010erako kudeaketa plana patronal, CCOO eta UGTren aldeko botoekin onartu da. Honek adierazten du elkarrizketa sozialeko mahaian dagoen adostasuna Osalaneko Kontseilu Orokorrean errealitate bihurtzen hasi dela jadanik.
Gainera, eraikuntza sektorerako onartu duten Lotu programaren berri eman dute. Hain zuzen, ELAk eta LABek bere garaian salatu egin genuen Osalanen esparruan jorratzea honelako hitzarmen eta kanpaina garesti eta ezdeusak, beste nonbait (elkarrizketa sozialaren mahaia delako horretan), eta gehiengo sindikalaren partaidetzarik gabe erabakiak.
Lan-segurtasun eta -osasun politika publikoak goitik behera aldatu beharra dago. Kolokako enplegua borrokatu eta enplegu duina, kalitatezkoa, bultzatzeko borondate politikorik ez dagoen artean Osalanek ezin izango ditu iritsi sorreran ezarritako helburuak, eta patronalaren mesedetako organo bat besterik ez da izango.