CAFen %1,24 erosi du Eusko Jaurlaritzak

Enpresa estrategikoetan egin duen lehen inbertsioa da, eta gehiago izango direla aurreratu du Arantxa Tapia sailburuak.

Joan den abenduaren 22an itxi zuen operazioa. Ia hamabost milioi euro jarri zituen Kutxabanki 425.870 akzio erosteko, 35,22 euroan bakoitza.

Eusko Jaurlaritzak enpresa estrategikoetan egin nahi dituen inbertsioetako lehena da CAFena, “baina ez da azkena izango”, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak gaur Donostian adierazi duenez. Izan ere, Gasteizko gobernuaren asmoa da 250 milioi euroko funts bat sortzea, enpresa estrategikoak sendotzeko eta Euskal Herrian geratzen direla bermatzeko. CAFen kasuan, “oraingoz” kanpora joateko arriskurik ez dagoela onartu du sailburuak, baina operazioa “aukera zegoelako” egin zuela. Tapiak nabarmendu du “enpresa traktorea” dela, hau da, sektore oso bati bultzada ematen diona.

Operazioa Socade eta Finantzen Euskal Kontseiluaren bitartez gauzatu du Jaurlaritzak, baina asmoa du hurrengo hilabeteotan bere inbertsio tresna guztiak berrantolatzeko, eta orduan ikusiko da nolako formula aukeratzen duten inbertsio estrategikoak bideratzeko. Jaurlaritzak 30 milioi euro jarri zituen iaz funts horretan, eta guztira 100 milioi jartzeko asmoa du. Inbertitzaile pribatuen bidez 250 milioi euroraino iristea da helburua. Diruaren zati bat BGAE pentsio osagarrien elkarteek jartzeko elkarrizketak izan direla iragarri du Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak.

Jatorrizko albistea:  https://www.berria.eus/albisteak/148064/cafen_124_erosi_du_eusko_jaurlaritzak.htm

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.