Galdutako hamasei ekoizpen egunetatik hamahiru berreskuratu beharko dituzte langileek.
Martxoaren 16an eten zuten jarduera CAFen Beasaingo eta Irungo plantetan. Orduz gero, bulegoetako langileek etxetik lan egin dute, eta azken asteetan ekoizpen arloko talde txiki bat aritu da lanean tren batzuk amaitzen, horien truke ezer ez kobratzeko arriskua zegoelako.
CAFeko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak bilera bat egin dute gaur goizean, eta ados jarri dira lanera itzultzeko baldintzen inguruan. LABek azaldu duenez —hura da sindikatu nagusia—, ekoizpen arloan dabiltzan langile gehienak astelehenean itzuliko dira lanpostuetara. Pilatzeak eragozte aldera, ordutegi desberdinetan sartuko eta aterako dira.
Kasu berezia izango da Beasaingo 4. saila deitutakoa. Hor ditu CAFek langile gehien, zazpiehun, eta zuzendaritzak eta sindikatuek iritzi diote ezinezkoa dela hor segurtasun protokolo guztiak berehala betetzea. Hortaz, astelehenean langileen %50 itzuliko dira lanera, asteazkenean beste %25 batuko zaie, eta ostiralean azken laurdena.
Bulegoetako langileen artean telelana sustatzen jarraituko du enpresak, eta aurrez aurreko bilerarik ez dute egingo alde batez. Jantoki zerbitzua itxita izango da, eta lantegietako aldagelak eta komunak «modu arautuan» erabiliko dituzte. Maskarak eta eskularruak erabiliko dituzte langileek, baten eta bestearen artean bi metroko tartea mantenduko dute, eta instalazioak etengabe garbituko dituzte.
Ehun langile kontratatuko ditu
Itxieraren ondorioz, CAFek hamasei ekoizpen egun galdu ditu. Horietatik hamahiru berreskuratuko dituzte langileek, beren lanaldiak luzatuta; gainontzeko hiruak ordaindutako lizentzia gisa ordainduko dira kasu gehienetan, eta aparteko orduen poltsetatik kenduko dira beste batzuetan. Eskari falta oraingoz ez denez arazo CAFentzat —inoizko eskari poltsarik handiena du—, enpresak aldi baterako ehun langile kontratatuko ditu lan atzeratuak berreskuratzeko.
Gainera, enpresako goi kargudunek eta administrazio kontseiluko kideek onartu dute beren soldatak %5 murriztea. Langile arruntenak ez dira ukituko.
Lanera itzultzea onartu arren, CAFeko LABek uste du oraindik goizegi dela horretarako: «Kutsatze kurba erabat kontrolatuta egongo dela bermatzeko jarduerarik gabeko denbora gehiago beharko litzatekeela pentsatuta ere, [Espainiako] gobernuak amore eman die kapitalaren interesei, eta behar baino lehenago ekin die funtsezkoak ez diren jarduerei».
Jatorrizko albistea: https://www.berria.eus/albisteak/180178/cafeko-langileak-astelehenean-itzuliko-dira-lanera.htm?utm_source=Twitter&utm_medium=Sare_sozialak_CM