CAFeko enpresa batzordeak epaitegietara joko du ekoizpenaren geldialdia inpugnatzeko

“Neurriz kanpoko” erabakia dela diote eta egoeraren pisua “soilik langileen gain” utzi dutela

CAFeko langile batzordeak iragarri du zuzendaritzak ekoizpena gelditzeko hartutako erabakia bide judizialetik inpugnatuko duela. Batzordearen ustez erabakia “neurriz kanpokoa” da. “Gainera, zuzendaritzak egoeraren pisua soilik langileen gain utzi du”, diote. Erabakiak “zuzeneko eskulan ia osoari” eragingo diola ohartarazi dute.

Zuzendaritzak Gipuzkoako industria siderometalurgikoaren hitzarmen kolektiboaren 9. artikulua baliatu du ekoizpeneko jarduera guztiak geldiarazteko. Garraiolarien grebaren eraginez lehengai nahikorik ez dutela argudiatu dute, horretarako. Langile batzordea ez dago ados, baina, “enpresak ezin duelako egiaztatu aipatutako material-faltaren benetako eragina, zehazki, zer atal edo langileri eragin diezaiokeen”. Kaltetutako lanpostuak zehaztu eta arazo konkretu horiek konpondu beharrean arazoa “handitu” eta neurri “orokorrak” hartzea leporatu diete.

Langile batzordeak hitzarmeneko 30. artikulua aplikatzeko eskatu du, egungo egoerara hobeto egokitzen dela iritzita.

Geldialdia bihar hasiko da eta bost egunera arteko iraupena izan dezake. Greba lehenago amaitzen bada langileak lehenago itzuliko lirateke lanera. Orain sartzen ez dituzten orduak gero berreskuratu egin beharko dituzte.

Irakurri jatorrizko albistea: https://goierri.hitza.eus/2022/03/22/cafeko-enpresa-batzordeak-epaitegietara-joko-ekoizpenaren-geldialdia-inpugnatzeko/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.