Beasain eta Irungo Enpresa Batzordeen oharra (LAB, ELA eta ESKren gehiengoz, UGT-ren abstentzioarekin eta CCOO kontrako bozkarekin)
Poloniako Solidarność eta Frantziako CGT sindikatuek bultzatuta CAFeko enpresa batzorde Europarraren sorrerari ekin zaio. Lehen urratsa, batzorde honen funtzionamendua arautuko duen ordezkari mahaia eratzea da.
Mahai horretako ordezkaritza, herrialde bakoitzak duen langile kopuruaren araberakoa da. Hau horrela, estatu espainiarrari sei ordezkari dagozkio, Poloniari bi eta gainontzekoei bana. Estatu bakoitzaren ordezkaritzaren banaketa nola egin ordea, bertan erabaki daiteke.
Langile kopuru altuena diferentzia handiarekin Euskal Herrian dago, non CAFek 4.700 langile inguru dituen. Hauen ordezkari legalak 70 dira (ELA 30, LAB 28, CCOO 6, ESK 3, Batera 2 eta UGT 1).
Estatu espainiarreko lurraldeetan 2.300 langile inguru dira, baino ordezkaritza sindikalari dagokionez ordea 89 delegatu dituzte (CCOO: 34, UGT: 32, CGT:12, OSTA: 6, CSIF: 3, GTI: 2).
Prozesu honetan zehar, ezinbestean, Euskal Herria eskubide oso dun subjektu bezala aitortu behar da. Beraz, ordezkaritza propioa izan beharko luke eraketa mahaian, baita gerora sortuko den nazioarteko CAFeko Enpresa Batzorde berrian ere.
Arrazoiak argiak dira:
- Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako langileon interesak ez dira defendituko Madrilgo ikuspegiarekin. Gure interesak ez dira babestuko estatuan diluitutako ordezkaritza sindikal batekin.
- Langile kopuru handiena Euskal Herrian dago, bestelako banaketa bat ez litzateke justua izango eta ez lioke errealitateari erantzungo.
- Enpresaren egoitza nagusia Euskal Herrian dago.
- Hemengo errealitate sindikalak ez du zerikusirik estatu espainiarrean ematen denarekin.
- Nazioarteko eragileen artean, euskal langileon ordezkaritza zuzena egoteak, sinbolismotik haragoko pisua du. Herri gisa ordezkaritza izateko eskubidea dugu.
Egungo arautzeak Euskal Herriko langileok dagokigun ordezkaritza izateko aukera ematen du, borondaterik bada. Zuzendaritza eta sindikatu estatalen jarrera izan daiteke ordea horretarako oztopo. Horregatik prozesua hastear den honetan, horretarako trabarik jar ez dezaten dei egin nahi diegu. Europar Batzordean herri guztiok dagokigun ahotsa izan dezagun.
Guzti hau kontutan hartuta CAF Beasain eta Irungo Enpresa Batzordeetatik, eratuko den mahai negoziatzailean zein aurrera begira osatuko den enpresa batzorde europarrean Euskal Herriko langileon ordezkaritza herri moduan dagokigun proportzioan bermatzea exijitzen dugu.
Beraz, eta langile kopuruei erreparatuz, lehen negoziaketa mahai horren osaketan Euskal Herriko lau ordezkarik hartu beharko lukete parte eta gainerako estatu espainiarreko lurraldeetatik berriz bi ordezkarik.