Beste behin, CAF Taldeak zero isurpeneko mugikortasun esparruan hornitzaile globala dela erakutsi du; izan ere, Balear Uharteetan bi kontratu berri esleitu dizkiote: alde batetik, Serveis Ferroviaris de Mallorca enpresari bost unitate elektriko hornituko dizkio eta, bestetik, bertako hiriburuari, Palmari, hidrogeno bidezko bost autobus entregatzeko aukeratu dute.
Proiektu berri honek CAF Taldeak izan duen urte-hasiera ona baieztatu du. Azken bi asteotan, garrantzi handiko hainbat kontratu eskuratu ditu eta horien guztizko bolumena 800 milioi euro baino gehiagokoa izan da: 23 trenen hornikuntza Aucklanderako, 200 autobus elektriko inguru Oslo hirirako eta Tel Aviveko Purple Lineko proiektua, besteak beste. Azken horrek hiriko tren arinaren sistemako linea horren diseinua, eraikuntza, finantzaketa eta mantentze-lana biltzen du 25 urtez.
BOST UNITATE ELEKTRIKOREN HORNIKUNTZA SERVEIS FERROVIARIS DE MALLORCA ENPRESARENTZAT.
Serveis Ferroviaris de Mallorcak (SFM) CAF enpresa aukeratu du 4 kotxeko 5 unitate elektriko eta parkeko piezak hornitzeko proiekturako eta 2 urtez ibilgailuen mantentze-lan integrala egiteko. Kontratuaren zenbatekoa 50 milioi euro baino gehiagokoa da eta, aurrez ikusitakoaren arabera, unitateak 2024an sartuko dira zerbitzuan.
SFM operadorea da Mallorca uharteko metroko eta bide estuko trenbideko lineen ustiapena kudeatzen duena (Palma-Sóller linea izan ezik). Unitate berri horiek erosita, SFMk uharteko mugikortasun jasangarria bultzatzen eta sustatzen jarraitu ahal izango du. Mugikortasun hori hiritar guztientzat irisgarria, eragingarria eta ingurumenari dagokionez arduratsua izatea da bere helburua. Proiektua Europako Lurraldeak eta Kohesioa Berreskuratzeko Laguntzen (REACT-EU) funts osagarriak EGEF 2014-2020 Programa Operatibora gehitu izanari esker finantzatuko da COVID-19aren pandemiaren aurrean Europar Batasunak emandako erantzunaren baitan finantzatuta.
SFMrentzako tren berriak duela gutxi CAFek Euskotren operadorearentzat fabrikatu dituen unitate modernoetan oinarrituko dira. Zerbitzu komertzialean 100 km/h-ko abiaduran zirkulatzeko gai dira. Bi kabina motorizatuk eta tarteko 2 atoi-kotxek osatuko dituzte, eta 500 bidaiari baino gehiagorentzako edukiera izango dute.
CAFek Balear Uharteekin duen harremana aspaldikoa da; izan ere, 2006an 7100 serieko sei unitate hornitu zizkion Mallorcako Palmako metrorako. Bi urte geroago, 2008an, 8100 serieko 13 unitate elektriko hornitzeko beste kontratu bat sinatu zuen uharteko trenbide-sarean zerbitzua eskaintzeko. 3 eta 4 kotxeko konposiziotan banatuta zeuden eta bide metrikorako unitateak ziren.
Kasu honetan, bost unitate berri horiek CAFek aurretik fabrikatutako 8100 serieko unitateek egiten dituzten zerbitzu komertzial berberetarako erabiliko dira. Hau da, Mallorcako Palma Inca hiriarekin lotzen duen T1 linean, hiriburutik La Pobla udalerriraino doan T2 linean eta Palma Manacorrekin lotzen duen T3 linean (uhartearen ekialdean).
SOLARISEK HIDROGENO BIDEZKO PILADUN BOST AUTOBUS ELEKTRIKO ENTREGATUKO DITU PALMARAKO
Bestalde, Palmako Garraioen Udal Enpresako Administrazio Kontseiluak iragarri duenez, Solaris aukeratu du hidrogeno berdeko piladun bost autobus elektriko hornitzeko. Lan horiek 4 milioi euro inguruko zenbatekoa duen kontratuaren baitan daude.
Ibilgailu hauen erosketa ere Europako finantzaketa-proiektu batean jasota dago eta, zehazki, Green Hysland proiektuan. Energia garbien garapena bultzatzen du eta klima-aldaketaren aurkako borrokan 2050erako ezarritako helburuei lotuta dago. Helburu horietako bat da, hain zuzen ere, zero isurpeneko energien arloan uhartea Europako erreferente bihurtzea.
Hidrogeno berdeko piladun autobus elektriko berri horiek propultsio elektrikoa duten 12 metroko Urbino modeloko ibilgailuak izango dira eta ibilgailu barruan, hidrogenotik abiatuta eta modu jarraituan elektrizitatea sortzeko hidrogeno-gelaxkak izango dituzte. Ondorioz, zero isurpenekoak dira. Unitate horien beste abantailetako bat da erregai-hornikuntza bakarrarekin kilometro ugari egiteko aukera eskaintzen dutela (bateria bidezko autobusekin alderatuta).