Milan hiriko ATM operadoreak Solarisi beste 100 autobus elektriko eskatzea erabaki du bi enpresa horiek joan den urtearen erdialdean sinatu zuten esparru-kontratuaren baitan. Kontratu haren baitan, duela gutxi entregatu dute 40 autobus elektrikoren lehen lotea. Kontratuak ezarritako baldintzen arabera, CAF Taldeko filialak 12 metroko 100 Urbino autobus elektriko berri entregatuko dizkio Italiako modaren hiriburuari 2021eko lehen seihilekoan.
Milango operadorearekin sinatutako esparru-kontratuak ondoz ondoko loteetan 250 autobus elektriko arte hornitzea jasotzen zuen eta hori gauzatu izanak Italiako enpresak 2030. urtearen amaierarako egungo diesel-autobusak baztertzeko dituen asmoak baieztatu egin ditu. Solarisen eta Milango ATMren arteko harremana 2014an hasi zen eta, ordutik, Solarisek 200 ibilgailu hornitu dizkio operadore horri. Horien artean daude 2018 eta 2019 urteen artean hornitutako 25 autobus elektrikoak.
Egoitza Milanen duen ATMk autobusen egokitzapen pertsonalizatuaren aldeko apustua egin du oraingoan bi irtenbide berritzaileren bidez. Lehenengoak Mobileye Shield + du izena eta alerta akustikoak eta ikusizkoak erabiltzen dituen alerta-sistema da. Hala, gidariaren puntu itsuetan dauden objektuez ohartarazten du, aurretik seinaleztatu gabe ibilgailu batek errei aldaketa egiten duenean horren berri emanez edo aurreko ibilgailuarekiko behar adinako distantziarik ez duenean hori adieraziz.
Bigarren sistema, MirrorEye, aldiz, Milanerako autobus elektrikoetako batean proba moduan ezarriko duten soluzioa da. Soluzio horren bidez, alboko ispiluak kamerekin ordezkatuko dira ikusgarritasun hobea bermatu ahal izateko eta, bereziki gauez eta aurkako baldintza meteorologikoetan.
Solaris 1.000 autobus elektrikotara iritsi da
CAF Taldea autobus elektrikoen hornikuntzako nazioarteko merkatuan liderretako bat bihurtu da. Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da 100 ibilgailuko lote berri horretan egongo dela CAF Taldearen filialak fabrikatutako 1.000 autobus elektrikoa. Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da 2011n aurkeztu zuela Solarisek bateria bidezko Urbino autobus elektrikoen lehen modeloa. Ordutik, 18 herrialdetako ia 100 bezerok aukeratu dituzte Solarisen ibilgailu elektrikoak beren garraio-zerbitzua aurrera eramateko. Ezin dugu ahaztu, gainera, 2017an Solaris Urbino elektrikoa modeloa aukeratu zutela Europako hiriko autobus onena.