CAF TALDEAK 161 AUTOBUS HIBRIDO HORNITUKO DITU BELGIKAN

Belgikako gune frankofonoko garraio publikoko operadoreak, Opérateur de Transport de Wallonie (OTW) enpresak, Solaris filialaren bidez CAF Taldea aukeratu du Urbino 12 modeloko 161 autobus hibrido hornitzeko eta unitate horien mantentze-lanak 8 urtez egiteko. Autobusak 2022an entregatzea aurrez ikusi dute eta kontratuaren bolumena 75 milioi euro baino gehiagokoa da. 

Namur, Lieja eta Charleroi hirietara bideratuko dituzte OTWk eskatutako isurpen baxuko Urbino 12 modeloko autobus hibrido berriak. Zehatzago esanda, eskualdeko garraio-operadoreei, TEC Charleroi-ri eta TEC Liège-Verviers-i (Solarisek aurretik ere egin izan du haiekin batera lan), eta TEC Namur-Luxembourg-i entregatuko dizkiete. 

Unitate berriek HybriDrive serieko propultsio elektriko hibridoko sistema izango dute (modernoa eta ekologikoa). Horri esker, erregaiaren kontsumoa eta atmosferara igorritako isurpen kutsakorrak nabarmen gutxitzen dira. Gainera, autobusek Stop-and-Go izeneko funtzioa izango dute. Funtzio horrek motorra erabat itzaltzen du autobusa geralekuetan gelditu eta ateak irekitzen direnean. Une horretan, balaztatzeko garaian berreskuratutako eta aurrez biltegiratutako energia erabiltzen du. 

Urbino 12 autobus hibridoek beste bi diseinu ere izango dituzte: bi ateko bat, eta hiru ateko beste bat. Bi ate dituen bertsioaren helmuga izango da Valoniako hiriburua den Namur hiria (64 unitate), eta hiru ateko bertsioa, aldiz, Charleroira (58 unitate) eta Liejara (39 unitate) iritsiko da. Bi modeloak eragingarritasun handiko aire girotuko sistemarekin ekipatuta egongo dira eta bidaiariei erosotasun handiagoa eskainiko dien barrualde zabala izango dute. Ibilgailuek, gainera, bidaiariak zenbatzeko eta bideozaintzako sistemak ere izango dituzte. 

Horrekin lotuta, nabarmendu beharrekoa da Solaris etxeko lehen autobusak 2013an iritsi zirela Belgikara. Ordutik, sinatu berri duten kontratukoaren antzekoak diren 240 autobus hibrido inguru entregatu dituzte herrialde hartako Lieja, Henao eta Charleroi hirietan. Horiei guztiei, gainera, gaur egun Bruselako kaleetan zerbitzua eskaintzen ari diren CAF Taldeko 32 autobus elektrikoak gehitu behar dizkiegu. 

Irakurri jatorrizko albistea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.