CAFek 100 miloi euro baino gehiagoko zenbatekoa duen kontratua sinatu du Indiako Larsen & Toubro Limited enpresarentzat 18 Urbos tranbia hornitzeko. Enpresa hori ari da egiten Maurizioko Errepublikan garraio arloko sistema integratuaren garapena (proiektuaren gutxi gorabeherako balioa 450 milioi eurokoa da).
CAFen hornikuntzak % 100ean zoru baxuko bi noranzkotako 18 tranbia (bakoitza 7 modulukoa), seinaleztapen-sistema, ibilgailua modu automatikoan lokalizatzeko sistema (AVLS), iraganbideko seinalearen lehentasuneko sistema (TSPS), gordailurako ekipamendua eta gidatze-simulagailua biltzen ditu.
Giltza eskurako proiektu hori Maurizioko Errepublikan gauzatuko da. Maurizio Indiako Ozeanoko hego-mendebaldean, Madagaskarretik 900 kilometro ingurura, eta Indiako hegoaldeko muturretik 3.800 kilometro ingurura dagoen uhartea da. Inbertsio hori herrialde hura bideratzen ari den garapeneko politiken baitan kokatu behar da. Horren guztiaren helburua garraio-azpiegituren eta -zerbitzuen modernizazioa bultzatzea da.
26 km-ko sistemak Maurizioko bost hiri nagusiak (Curepipe, Vacoas, Rose Hill, Quatre Bornes eta Port Louis hiriburua) lotuko ditu. Eremu hartan 600.000 pertsona inguru bizi da eta 19 geltoki izango ditu; haietako 2 azken belaunaldiko geltoki goratuak izango dira. Proiektua 48 hilabetetan burutzeko programatu dute eta 13 km-ko lehen fasea 24 hilabeteko epean entregatuko dute.
Kontratu berri horrek baieztatu du kontratazioari dagokionez enpresarentzat urte ona izan dela; izan ere, 2017ko ekitaldian lortutako eskarien bolumena 1.500 milioi euro ingurukoa izan da azken kontratu horri esker. Horien artean, nazioartean herrialde hauetan lortutakoak nabarmen ditzakegu: Suedia, Belgika, Holanda, Italia, Estatu Batuak, Filipinak, Erresuma Batua eta Zeelanda Berria.
Jatorrizko albistea: http://www.caf.net/eu/sala-prensa/nota-prensa-detalle.php?e=233