CAF-EK AUCKLAND-EN 23 UNITATE ELEKTRIKO HORNITZEKO KONTRATU BERRIA SINATU DU

CAFek sinatu du Zeelanda Berriko Auckland hirirako 23 unitate elektriko berri hornitzeko kontratua. Kontratuaren zenbatekoa 130 milioi euro baino gehiagokoa da, eta ibilgailuen mantentze-lanak ere barne hartzen ditu 2025. urte amaierara arte. Gainera, kontratua beste 5 unitaterekin handitzeko aukera ere jasotzen du.  

Hauxe izango da 2011ko amaieran CAF Taldeari esleitu zioten kontratuaren ondoren iritsi den proiektu berria. Ordu hartan, hasiera batean 57 unitate hornitu zituzten, eta horiei beste 15 unitate gehituko zizkieten gero. Gaur egun, entregatutako 72 unitateek Aucklanden zerbitzu komertziala eskaintzen dute. Ordutik, CAFeko tren-flotak fidagarritasun handia erakutsi du egindako 33 milioi kilometro baino gehiagotan zehar eta faktore hori ezinbestekoa izan da Aucklandeko garraio publikoan gertatu den erabiltzaileen igoerarako. 

Unitate berriak bezero berberari aurretik hornitutako 72en antzekoak izango dira. Unitate bakoitzak hiru kotxe izango ditu, kabinadun bi motordun kotxe muturretan, eta tarteko atoi-kotxe bat. 380 bidaiarientzako edukiera izango du. Kotxeen egiturari dagokionez, altzairu herdoilgaitzez fabrikatuko dira eta bakoitzak bere alboan bi ate izango ditu bidaiariak sartzeko. Horrez gain, tarteko kotxeak zoru baxua izango du eta horrek asko erraztuko du mugikortasun urriko pertsonak eta gurpildun aulkia erabiltzen dutenak sartzea. 

Kontratu honi esker, CAFen presentzia finkatu egin da eskualdean; izan ere, Auckland Transport-erako aipatutako kontratuez gain, enpresak, azken urteetan, proiektu ugariren esleipena lortu du Australian 2010ean bertan filiala sortu zuenetik. Horien artean, hauek nabarmentzen dira: Parramatta-ko tren arinerako proiektu berrienak eta Hegoaldeko Gales Berriko estaturako “bi-modo” eskualdeko trenak. 

Irakurri jatorrizko albistea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.