CAF Taldeak gaur egun enpresa lanean ari den negozioen ugariekin lotutako kontratuak itxi ditu duela gutxi. Negozio horiek trenen eta autobusen hornikuntza eta fabrikazioa, eta unitateen birgaitzearekin eta seinaleztapenarekin lotutako proiektuen garapena biltzen dituzte.
CAF-EK KOTXEAK HORNITZEKO BESTE KONTRATU BAT SINATU DU TRANSLINK-EKIN (IPAR IRLANDA)
Translinkek eta CAFek NIIRentzat (Northern Ireland Railways) tarteko 21 kotxe berriren hornikuntza jasotzen duen eta 56 milioi euroko zenbatekoa duen kontratua sinatu dute. Kotxe horiek entregatzen 2021. urtean hasi eta haiek guztiak zerbitzu komertzialean 2022ko udazkenean sartuko direla aurrez ikusi dute. CAFen eta Ipar Irlandako operadorearen artean 2009an sinatutako aurreko kontratuan jasotako aukerari lotuta dago kontratu berria.
Ibilgailu berriek 1.400 plaza osagarri inguru eskainiko dituzte eta, hala, edukiera handitu ahal izango dute. Izan ere, Ipar Irlandako tren-zerbitzua erabiltzen duen bidaiarien kopurua gero eta handiagoa da. Erabat bateragarriak izango dira CAFek aurretik eraikitako 4000 klaseko flotarekin eta, hala, Translinkek puntako orduetan bidaiari ugari biltzen duten ibilbideetan sei tren baino gehiagorekin eskaini ahal izango du zerbitzua.
Richard Garner-ek, Erresuma Batuan CAFeko zuzendaria denak, honako hau adierazi du: “Pozik gaude Translinkekin kontratu berri hau adostu dugulako. Operadore honek CAFi esleitutako hirugarren kontratua da eta berriro elkarrekin lan egiteko irrikaz gaude”.
“Translink NIRek ikusi duenez, bidaiari kopurua handitzen ari da eta azken belaunaldiko gure trenek, sistema modernoenak dituztenek eta erosotasuneko, irisgarritasuneko eta segurtasuneko estandar handienak betetzen dituztenek, hazten ari den eskari horri erantzuten lagunduko dute”.
Chris Conway-k, Translink Taldeko zuzendari exekutiboak, honako hau adierazi zuen: “Albiste bikaina da, eta urrats garrantzitsua Ipar Irlandako tren-sarearen garapenean. Bidaiari kopurua % 130en gainetik handitu da azken 12 urteotan, eta iazko kopurua 15 milioi bidaiarikoa izan zen; hau da, Ipar Irlandako trenen 50 urteko historian izandako kopuru handiena Horri erantzun ahal izateko, unitateen flota berria gehitu dugu, azpiegitura eta zerbitzuetan inbertsioak egin ditugu eta ordutegiak hobetu ditugu; hori guztia bidaiariaren esperientzia orokorra hobetzera zuzenduta dago”.
Gainera, hau gehitu du: “Pozik gaude berriro ere merkatuko nazioarteko liderretako batekin, CAFekin, lan egiteko aukera dugulako. 4000 klaseko trenak erosteko hasierako kontratuan jaso genuen kotxe osagarriak kontratatzeko aukera gauzatu dugu horretarako”.
“Bidaiatzeko, ikasteko, erosketak egiteko, eta osasunarekin eta aisialdiarekin lotutako jarduerak egiteko trena aukeratzen duen pertsona kopurua handitzen den heinean, flota berri hau sartzen joango gara Azpiegituren Saila garraio publikoan egiten ari den inbertsio handiari esker”.
Kontratu berri horrek CAFek Translink NIR enpresarekin abian jarri zuen harreman luze eta arrakastatsuari jarraipena eman dio. Izan ere, aurretik 3000 klaseko 23 diesel unitate multiple (DMU) (2004 eta 2005 artean sartu ziren zerbitzuan) eta 4000 klaseko 20 DMU (2011ko irailetik daude operatibo) hornitu zituen.
MEDELLINEKO METROAK CAF HAUTATU DU 42 UNITATE BIRGAITZEKO
CAF hautatu du Medellin hiriak (Kolonbia) 90eko hamarkadaren erdialdean fabrikatutako hiru kotxeko 42 unitate birgaitzeko. Ibilgailu horiek, gaur egun, Kolonbiako hiriko metro-sarean dabiltza. Eragiketaren zenbatekoa 80 milioi euro ingurukoa da.
Lanek unitateak beren egiturari eta kanpoko eta barneko dekorazioari dagokienez modernizatzea eta prest jartzea zein ibilgailuaren sistema eta ekipo nagusietako batzuk ordezkatzea eta eguneratzea biltzen du; besteak beste, hauek: trakzio-sistemak, osagarriak, balazta eta argiztapena.
Medellin da biztanle gehien duen Kolonbiako bigarren hiria eta 2,5 milioi biztanle baino gehiago ditu. Hiriko irtenbideetan berrikuntza eta hiriko garapen jasangarria bultzatzearen alde egindako apustua dela eta da ezaguna. Zehatz esanda, metro-sarea 1995ean inauguratu zuten eta herrialde osoan bakarra da. Aburrá izeneko haranean eta bertako metropoli eremuan garraio masiboko sistema nagusietako bat da eta, gaur egun, 30 kilometro baino gehiagoko luzeran, bi linea nagusi eta 27 geltoki ditu.
Azken urteotan, CAFek hainbat proiektu garatu du Medellineko metrorako eta 2011. urtetik guztira 36 unitate hornitu ditu. Dagoeneko zerbitzu komertziala eskaintzen ari dira Kolonbiako hirian eta, horrenbestez, akordio berri honek agerian utzi du enpresan jarritako konfiantza. Era berean, CAFek Latinoamerikako merkatuan duen presentzia indartu du; izan ere, proiektu garrantzitsuak egin ditu bai unitateen horniduran, bai material mugigarriaren emakidaren formularekin. Brasil, Mexiko, Argentina, Venezuela, Txile eta laster Ekuador, aipatu berri dugun Kolonbiaz gain, dira beren tren-lineetan zerbitzua eskaintzen CAFeko ibilgailuak dituzten herrialdeetako batzuk.
CAF-EK KONTRATUA SINATU DU TRENITALIA-REKIN BERE INTERCITY FLOTAKO 670 KOTXETAN SUTEAK DETEKTATZEKO ETA ITZALTZEKO EKIPOAK INSTALATZEKO
Trenitalia S.p.A-k, Italiako trenen operadore nazionalak, CAFen (lider gisa) eta .M. General Contractor S.p.A enpresaren arteko ABEEari esleitu dio aurretik beste fabrikatzaile batzuek hornitutako Intercity (IC) flotako bidaiarien 670 kotxetan EN45545 eta UNI11565 araudiek xedatutakoa betez suteak detektatzeko eta itzaltzeko ekipoa diseinatzeko, hornitzeko eta instalatzeko kontratua. Kontratuaren oinarrizko bolumena 36 milioi eurokoa da eta beste 253 kotxerekin handitzeko aukera ere jasotzen du.
CAFen zatiak, suteen aurkako ekipoa integratzeaz gain, Ethernet komunikazio-linea berria eta 24Vcc elikadurakoa diseinatzea, hornitzea eta instalatzea biltzen du, eta baita homologazioko probak eta zerbitzuan jartzekoak egitea ere. Instalatze- eta proba-lanak Trenitaliak Italian dituen 5 tailerretan egingo ditu CAF Italia filialak ANSF araudiaren arabera kualifikatutako langileekin.
IC tren horiek gaur egun Italiako iparraldetik hegoaldera iristen diren lineetan zirkulatzen dute 200 geltoki baino gehiago lotuz eta, eguneko/gaueko zerbitzuen eskaintzaren bidez, neurri ertain eta handiko hirien arteko garraio-zerbitzu garrantzitsuena eskaintzen dute abiadura handiaren ondoren.
Kontratu berri horrekin, CAFek Trenitaliarekin egiten dituen jarduerei jarraipena emango zaie. Izan ere, gaur egun, trakzio-ekipo berriekin eta TCMSarekin birgaitutako E402a motako 40 tren-makinetatik 18 dagoeneko zerbitzuan daude, eta haien hornikuntza CAF Power & Automation enpresa ari da egiten.
ADIF-EK BESTE BI KONTRATU ESLEITU DIZKIO CAF SIGNALLING-I
ADIF enpresa publikoak CAF Signalling-i, CAF Taldearen filiali, esleitu dizkio 16 milioi euroko guztizko zenbatekoa duten bi kontratu. Haietako lehenak tren-sare konbentzionaleko Leongo eta Oviedoko Zirkulazioaren Kontrol Zentralizatuko (CTC, gaztelaniaz) kontrol-sistemak mantentzeko laguntza aditua eta berrikuntza eskaintzeko proiektua prestatzea eta gauzatzea jasotzen ditu. Bien bitartean, bigarren kontratuak zabalera metrikoko sareko El Berróngo, Santanderreko eta Bilboko CTC sistemak mantentzeko laguntza aditua eta berrikuntza eskaintzeko proiektua prestatzea eta gauzatzea jasotzen ditu.
Bi kontratu horiek eraikuntza-proiektua idazteko 4 hilabeteko, gauzatzeko 20 hilabeteko eta mantentzeko 20 urteko epeak biltzen dituzte. Proiektu horien baitan, aipatutako aginte-postuei arkitektura berria emango zaie hardwareari zein softwareari eta sistemari dagokienez. Hala, kudeaketa egokiagoa, fidagarriagoa eta seguruagoa egin ahal izango da.
Kontratu horiek esleitu izanari esker, CAF Signalling bihurtu da Espainiako tren-sarerako kontrol-sistemen hornitzaile nagusietako bat.
SOLARIS-EK BESTE ESKARI BAT LORTU DU LETONIAKO RIGA HIRIRAKO
Amaitzeko, aipatu beharrekoa da CAF Taldeko Solaris enpresari esleitu diotela Letoniako hiribururako, Rigarako, Urbino18 motako 88 autobus artikulatu hornitzeko kontratua. 2013an Solarisen eta hiriko garraio publikoko operadoreak, R?gas Satiksme izenekoak, sinatu zuten esparru-akordioaren luzapena da.
Akordio horrek Solarisen 175 autobus konbentzional arte hornitzeko aukera jasotzen zuen. Kopuru horretatik, orain arte, operadoreari 140 unitate entregatu zaizkio.
Hala, kontratu berriak beste 88 autobusen hornikuntza jasotzen du eta, ondorioz, operadoreak duela bost urte adostutako hasierako akordio hartako unitate kopurua beste 53 ibilgailutan handitzea erabaki duela esan dezakegu. Lehen 10 Solaris Urbino18 unitateak Letoniako hiriburuan datorren urtean zirkulatzeko prest izango direla aurrez ikusi dute.
Eragiketa berri horren balioa 35 milioi euro ingurukoa izango da eta enpresak herrialde hartan azken urteotan bideratu dituen beste proiektu batzuekin lotu behar dugu. Izan ere, herrialde hartan, guztira, 528 ibilgailu hornitu ditu Solarisek eta haietako 455 Riga hiribururako izan dira.
Jatorrizko albistea: https://www.caf.net/eu/sala-prensa/nota-prensa-detalle.php?e=263