LABek bere 9. Biltzar Nagusia egingo du 2017. urteko maiatzaren 25 eta 26an, Gasteizen, ‘LAB 4.0 Gure Garaia’ leloarekin. Osasun betean eta indartsu iritsiko da sindikatua hitzordu garrantzitsu horretara, Euskal Herriak behar duen sindikalismo eredua birpentsatzeko gogoeta kolektibo emankorra egin eta gero. Biltzar Nagusiak aldaketak ekarriko ditu idazkaritza nagusiari begira ere; Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak eta Jabi Garnika idazkari nagusi ondokoak erreleboa emango dute. Hala, Ainhoa Etxaiderekin egon gara solasean, urte hauetan guztietan egindako lanaren balantzea egiteko eta sindikatuaren erronkei buruz hitz egiteko.
2008. urteko ekaineko Biltzar Nagusian hartu zenuen Rafa Diezen lekukoa, idazkari nagusi gisa. Nola gogoratzen dituzu hastapen horiek?
2008. urtean esan genuen borrokari jarraipena emateko hartzen genuela lekukoa. Belaunaldi berriaren eginkizun nagusia sindikatua berritzea zen, eta hori zen asmoa. Baina, berehala agertu ziren gure ibilbidean eragin zuzena izan duten egoerak. Finantza krisiak kolokan jarri zuen sistema osoa, eta langileen eskubideen aurkako erasoek agerian utzi zuten sindikalismoaren krisiaren sakonera. Bi krisiak baliatuz, erreforma kate luze bat inposatu zaigu.
Era berean, Euskal Herria beste egoera politiko batean murgildu zen; ezker abertzalearen estrategia aldaketa, barne. Euskal Herriaren aldetik urratsak eman ziren, ukazioaren eta gatazka armatuaren garaia atzean uzteko; estatuen aldetik, ordea, guztiz kontrakoa. Garai berri bat ireki zen ezker abertzalean eta espazio soberanistan. Hau guztiagatik, aurreikusitakoa baztertu eta gure agenda aldatu behar izan genuen. Kapitalaren boterea handitzeko eta sistema betikotzeko erreformen kontrako borrokan jarri genituen indarrak. Erabakia guztiz egokia izan zen, urteetako ikuspegiak hala erakutsi baitigu.
Egoera berriaren aurrean, zein erabaki hartu zenituzten?
Batetik, LABek bere bidea egin behar zuela erabaki genuen, aldaketa bortitz eta sakon hauen guztien erdian ez galtzeko. Bestetik, iparra non jarri erabaki genuen. Ur handietan onik ateratzeko noraeza da etsairik handiena, kontrola galduz gero, itsasoak berehala irensten zaituelako. Hasieratik erabaki genuen zer zen guk babestu eta zaindu behar genuena.
Zer babestu eta zer zaindu gogoeta horretan, zein lehentasun ezarri zenituzten?
Langileria babestu dugu: klase interesak, langileen eskubideak, langileek erabakietan parte hartzeko dugun eskubidea. LABek inoiz baino gehiago jarri du indarra klase interesen defentsan, krisia baliatu dutelako kapitalaren boterea inolako mugarik eta neurririk gabe handitzeko. Langile borroka ere zaindu dugu. Inposatu diguten eredua ez da jasangarria. Alternatibak daude, bideragarriak dira eta egoera aldatzea posible da, borrokari eutsiz gero. Horrela ulertu behar dugu langile borroka indargabetzeko duten premia eta egin duten guztia. LAB langile borroka suspertzeko ahaleginetan aritu da buru belarri, sindikatu garen neurrian, guri dagokigulako egitea.
Era berean, euskal sindikalismoaren defentsa lehentasun bat izan da guretzat, behar beharrezkoak direlako aldaketa politiko eta sozialak ekarri behar dituen prozesuarentzat. Borrokarako gaitasuna duen sindikalismo soziopolitikoaren kontrako erasoa etengabea eta neurririk gabekoa izan da. Kapitalismoak langileen eskubideak bazterrean utzi nahi baditu, horren alde borrokatzen dugun sindikatuak atzean utzi behar ditu. Erasoa erabatekoa izan da, langileen bitartekari zilegiak garelako eta langileak antolatzeko gune garelako, modu kolektiboan borrokatzeko tresna garen neurrian.
Bidea zaila, baina, aldi berean, emankorra izan da.
Gure bidea Euskal Herrian kokatu eta Euskal Herria eraikitzeko helburuarekin egin dugu. Egia da krisia sistemikoa eta mundu mailakoa dela, eta nortasunik gabeko ibilbidea egingo dugula langileen nazioarteko elkartasuna bazterrean utziz gero. Gure bideari ahal dugun nazioarteko dimentsioa eman behar diogu, baina gure estrategia Euskal Herriari begira eta Euskal Herrirako finkatu behar dugu, eta horrela egin dugu.
Nazionalaren eta so•z•i•alaren arteko dikotomia faltsua da. Ezker abertzalea biak ezkontzen dituen mugimendu bat da, eta LAB da horren adierazle nagusia. Langileok behar ditugun irtenbideek Euskal Herri berri bat eraikitzea eskatzen dute. Gure bideak Euskal Herria berreraikitzeko balio behar du, edo ibilbiderik gabe geratuko gara.
Zer paper jokatu du sindikalismoak borroka honetan guztian?
Sindikalismoaren defentsa sistemari egin beharreko borroka politiko gisa ulertu dugu. Ez dugu dena mugatu langileen artean egin behar den lehia korporatibo batera. Gure ekintza sindikala langileekin eta langile borroka indartzeko helburuarekin egin dugu.
Egin beharreko bide propioa gure estrategiari begiratuz zehaztu dugu, ez kanpotik egin zaizkigun interpelazioen arabera. Ez dugu LAB isolatu, ez diogu beldurrik izan eztabaida politikoan eta espazio partekatuetan egoteari, eta ez gara gure jokaleku historikotik irten. Mugimendu baten parte garela egin dugu bidea, proiektu partekatu bat defendatuz. Hori guztia ondo egiteko, gure autonomia sindikala babestu eta indartu dugu, klase interesak, langile borroka eta sindikalismoa lehenesteko.
Testuingurua testuinguru, sindikatua berritzeko erronkari ere heldu diozute. Nola iritsiko da LAB datorren urteko Biltzar Nagusira?
Egia da hasierako asmoak tiradera batean sartu behar izan genituela, baina egia da ere biltzarreko agindua, LAB eraberritzea, izan dela gure bidea egiteko erabilitako ipar orratza, urte hauetan guztietan. LABen lerro sindikala berritu dugu krisiaren eta erreformen kontra borrokatzeko, gure egiteko moduak eta langileekin lan egiteko erak egokitu ditugu, gure aldarrikapenak berritu ditugu egoera soziolaborala guztiz aldatu delako… LAB berritu batekin iritsiko gara Biltzar Nagusira, etxeko lanak eginda.
Zeintzuk dira Biltzar Nagusian eztabaidatuko duzuten proposamenaren gakoak?
Langileria, sindikalismoa eta Euskal Herria oinarri duen proposamena egingo dugu. Berritu behar duguna sindikalismoa ulertzeko eta egiteko modua da. Funtsean, gu berdinak gara, gure helburuak jatorrian genituenak dira.
LABentzat, sozialismoa da bizitza on bat edukitzeko eredua. Zeintzuk izango lirateke ardatzak?
Euskal Herri Sozialista berritzeko feminismoa-ri, ekosozialismoari eta independentismoari begiratzen diogu guk. Hor aurkituko ditugu erantzunak.
Feminismoa ideologia transformatzailea da. Egoera iraultzea feminismoaren berezko ezaugarria da, eta bakarrik horrela ziurtatuko dugu eraikitzen dugun sistema guzti-guztientzat izatea, gizon zein emakumeentzat. Ekosozialismoa beste ardatzetako bat da, alternatiba berriak proposatzeko tresna oso emankorra dela uste dugulako. Ezin dugu bizitza duina eta ona kontsumoan eta neurririk gabeko produkzioan oinarritu.
Azkenik, independentismoari dagokionez, sistema berri bat eraikitzeko behar beharrezkoa ikusten dugu libreak eta burujabeak izatea. Herri, klase eta emakume bezala egiten dugu gogoeta hau. Beharrezkoa da Estatu burujabe bat izatea; alegia, herriaren esku egotea sistemaren gaineko boterea, herria askea izatea bere erabakiak hartzeko orduan. Aldarria zaharra da; borrokarako testuingurua, ordea, aldatu zaigu. Euskal Herriko mugimendu independentistak erantzun berriak eskaini behar dizkigu independentziaren bidea egin nahi dugunontzat.
Uste dugu hau dela garaia ezarri diguten sistema kapitalista aldatuko duen bidea nagusitzeko Euskal Herrian. Burujabetza prozesua abian jartzeko garaia da, Euskal Herrira sistema sozioekonomiko berri bat ekartzeko erronkarekin. Hau izango da LABek datozen bost urteei begira bere buruari jarriko dion helburua. Egoera sozioekonomikoa aldatzeko borrokak derrigor eramaten gaitu gaurko marko estatutarioen aldaketa borrokatzera.
Erabakitzeko eskubideak lan mundura eta gai sozioekonomikoetara iritsi behar du, estatus politiko berriak iruzurra ez izateko langileentzat. Estatus berriak egoera soziala aldatzeko bitartekoak ziurtatu behar dizkigu langileoi.
Zein tresna ditugu burujabetza prozesua abian jartzeko?
Gehiengo zabal bat badago halako bide bat egiteko, eta gure eremuan baditugu prozesua abian jartzeko eta burujabetza prozesua burura eramateko balio estrategikoa duten tresnak: Karta Soziala eta gehiengoa osatzen dugun sindikatu abertzaleak, kasu. Aliantzak eta akordioak falta dira. Burujabetza prozesua abian jartzeko derrigorrezkoa da guztion artean adostasunak eraikitzea. Eremuz eremu lehenik, eremuen artean ondoren.
Akordioak aipatuta, zer diozu sindikatuen arteko aliantzei buruz?
Langileen egoera aldatu nahi badugu, sindikatuen arteko aliantzak behar ditugu. Helburu, asmo eta lehentasun hauek eztabaidaren erdian kokatzen dute LAB eta ELAren arteko aliantzaren gogoeta. Ziur gaurde aliantza hori ahalbidetuko duen estrategia sindikala definitzen ari garela Biltzar Nagusiari begira. Aliantza sendo eta egonkor bat eraikitzea da, gure ustez, LAB eta ELAren erronka nagusietako bat, euskal sindikalismoan ireki behar den garai berrian.
Zuzendaritza berri bat proposatu duzue garai berrirako: Garbiñe Aranburu idazkari nagusi eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondoko gisa lekukoa hartzeko prest daude. Zer esan dezakezu haiei buruz?
Ez dute aurkezpenik behar. Ezagunak dira gainontzeko sindikatuetan, baita komunikabide, patronal eta instituzioetan ere. Talde berria izango da, baina pertsonak ez dira berriak izango. Eskarmentua eta gaitasuna behar beste erakutsi dute. Ziur gaude sindikatuan aho batez babestuko duten proposamena dela.
Idazkaritza Nagusia uzteko atarian, zein egoeratan dago LAB?
Emaitzak hor daude. Ordezkaritzan eta afiliazioan marka historikoetan gaude; inoiz baino jende gehiago dago sindikatuko egituretan antolatua; sektore publikoko eremu askotan LAB lehen indarrra da, bai Euskal Autonomi Erkidegoan, baita Nafarroan ere.
Barruko egoera nabarmendu nahi dugu bereziki. LAB sindikatu batu eta kohesionatu bat dugu. LAB garai berri batera ekarri dugu. Baztertu egin genuen LAB berri bat gure kabuz eta gure kasa marraztea. Berritzea bide oso bat izan da, eta bidea ez dugu zuzendaritzan egin, ez dugu zuzendaritzatik egin. Bideak sindikatuak egin du, LAB osatzen dugun kideok egin dugu.
Zorionez, egindako lana talde lana izan delako, badugu nori pasa lekukoa. Gure mandatua bete dugula ikustea urteetako ibilbideari eman ahal diogun bukaerarik hoberena da guretzat.