Gipuzkoako herrialdeko delegatuen batzarra burutu genuen pasa den ostiralean Donostian. Bertan, sindikatuak egiten duen egoeraren irakurketa azaldu eta urteko erronkak aurkeztu ziren. Ainhoa Etxaide, LAB eko Idazkari Nagusiak azpimarratu zuen, “langileak antolatzen jarraituko dugula eskubide sozial, laboral eta politikoen defentsan”. Norabide horretan aurrera egin ahal izateko “euskal langileok gure interesak eta eskubideak defendatuko dituzten ordezkariak behar ditugula” azaldu zuen Etxaidek. Horrez gain borroka sindikala indartuko dugu lantoki-hiri-herrietan langileok burujabetza prozesuaren aldeko palanka izateko.
KURTSO AURKEZPENA ETA DELEGATUEN ASANBLADA DONOSTIAN
Euskal Herrian, 2016ko irailaren 30ean
“Egun on guztioi,
Iraila bukatzearekin batera amaitzen dugu guk ere sindikatua martxan jartzeko hartu dugun kurtso hasiera. Ez ohiko hasiera izan da, hauteskundeak izan ditugulako. Arretaz jarraitu ditugu, noski. Baina gure agendari eutsiz: 20an Gasteizen mobilizatu gara Jaurlaritzak langileen oinarrizko eskubideak erasotzen dituela salatzeko. 23, 24 eta 25ean Bilbon izan gara III Nazioarteko Topaketa Ekosozialistetan parte hartzen, alternatibaren esparrua sendotzen jarraitzeko. Han eta hemen gabiltza lan eskubideak borrokatzen lan gatazka desberdinetan. Aste honetan delegatuekin bilkurak egin ditugu, egoeraz eta LABen erronkaz egiten dugun irakurketa konpartizeko.
Kurtso hau garrantzitsua izango da guretzat, Kongresu urtea delako. Eta ez edozein Kongresu. Garai berriak bizi ditugu eta sindikatuok ataka batean gaude: gure burua gaurko egoeran kokatu eta emankorrak izateko bidea aurkitu, edo atzean utzi ditugun garaian geratu, etorkizunerako ibilbiderik gabe.
Egoera guztiz aldatu da. Botere ekonomikoak ez ditu akordioak behar bere politikak ezartzeko, gobernuak eta estatu egiturak ditu bere zerbitzura. Zertarako hitzegin langileokin? Eta ez du onartzen inolako oztoporik bere bidea egiteko garaian. Confebasken azken erasoak ikustea besterik ez dago.
Nola babestu eta defendatu langileen interesak baldintza hauetan? Nola lortu pobreziara kondenatu dituzten langileei oinarrizko eskubideak aitortzea? Nola lortu politika feministak egitea berdintasun politiken mugak hain bistakoak direnean? Nola egin sindikatuak, langileen artean klase elkartasuna eta batasuna suspertzeko tresnak izatea berriro?
Galdera asko egin dizkiogu gure buruari eta erantzunak eraiki nahi ditugu, udaberrian burutuko dugun kongresura eramango gaituen eztabaida prozesuan.
Ez da hori izango aurtengo LABen erronka eta eginkizun bakarra. Ekainean egin genuen Nazio Biltzarrean kurtso berrirako plangintzaren helburua finkatu genuen. Oso zehatza eta argia da: Euskal Herriak eta euskal langileok behar ditugun aldaketak lortzeko burujabetza prozesu bat jarri behar dugu martxan.
Hori da LABen iritziz Herri, langile eta sindikatu bezala dugun erronka nagusia momentu honetan. Hori da gaurko erregimen ekonomiko eta sozial honetan guztia galdu dutenei zor dieguna. Eta hori da bestelako Euskal Herri bat posiblea dela pentsatzen duten euskal langileei proposatzen dieguna.
Zergatik burujabetza prozesua: Euskal Herriaren orainari eta etorkizunari buruzko erabakiak herriaren esku egotea delako egoera iraultzeko bide bakarra. Burujabetza prozesua hori lortzeko egin behar dugun bidea da, gure ustez.
Botere ekonomikoak erabakitzen badu zer den Euskal Herrian egin eta gertatu behar dena, prekarietatea eta menpekotasuna ikusten ditugu, besterik ez. Egia da hazkunde ekonomikoa egongo dela, baina gutxi batzuen mesedetan, gehien gehienon miseriaren kontura.
Eta zera azpimarratu nahi dugu: botere ekonomikoa ez da ente abstrakto bat. Botere ekonomikoa Nafarroako eta EAEko patronalak dira. Politika fiskala erabakitzen duten multinazional basatiak dira. Herriak behar ez dituen proiektu erraldoiak inposatzen dituzten enpresariak dira.
Merkatua sakratua eta ukiezina bihurtu dute, baina merkatu pribatu eta “librean”, euren negozioek ez dute inolako ibilbiderik administrazio guztiek diru publikoekin zer egin ziurtatzen ez badiete. Esku mhartze publikoaren kontrako eraso politiko eta ideologiko basatia bizi dugu, baina inoiz ez dira izan hain agerikoak diru publikoa esku pribatuetara desbideratzeko helburu duten politikak eta egitasmo publikoak. AHTari eta Gipuzkoako errauskailuari begiratzea besterik ez da behar.
Botere ekonomikoa bertan dago, oso ongi ordezkatua instituzioetan. Ulertzekoa da Confebasken poza PNVren garaipenaren aurrean. Eta eurek diren bitartean egin behar diren politika sozial, laboral eta ekonomikoak erabakitzen dituztenak, Euskal Herrira hondamendirako bidean jarraituko du. Horren aurrean, burujabetza soziala aldarrikatzen dugu LABetik, herriak erabaki ditzala gaur botere ekonomikoak erabakitzen dituztenak. Hori izango da gure borrokarako erreferentzia datozen urteetan.
Nola lortu burujabe izatea? Azken zortzi urteak gertakariz josiak izan dira. Ez dugu kontakizunik egingo. Baina atera ditugun hiru konklusio azpimarratu nahi ditugu:
1. Ezinezkoa izan da gatazkaren konponbide demokratikoan oinarritutako aldaketa prozesu bat burutzea Euskal Herrian. Estatuak ezezkoa eman zion hasiera hasieratik; eta bertako eragile nagusiek atzera egin zuten konponbide demokratiko batek Euskal Herriaren egoera aldatzeko eskaintzen zituenak ikustean. Tamalgarria, berriro ere norberaren proiektuak eta interesak herriaren behar, asmo eta borondatearen gainetik.
Porrot egin du ere Estatu Espainola Madrildik aldatzeko bideak. Inoiz ez bezala ikusten dugu Espainia bere barne krisietan zangotrabatua, baina ez dago 78ko erabakiekin apurtzeko inolako asmorik.
2. Euskal Herriak bere prozesu propioa egin behar du. Egingo dugu, egoera berrietarako bidea gure kabuz egitea erabakitzen badugu. Lortuko dugu, bidea gure ekimenetan oinarritzen badugu. Posiblea da, burujabetzaren alde gaudela esaten dugunok iniziatibak hartzen baditugu, baimenik eskatu gabe eta inori itxaron gabe. Errealitate bat izango da herri hau martxan jartzen badugu. Euskal Herria martxan jartzean dago giltza.
Burujabetza prozesua bizitzaren eta politikaren eremu guzti guztietatik bultzatu behar dela uste dugu. Asko egin daiteke eta egin behar da instituzioetatik: erabakitzeko eskubidea aitortuko diguten estatus berriak lortzea eta herritarren bizi baldintzak benetan duintzeko politikak egitea, batez ere.
Baina guk sindikalismotik egin dezakegunari begiratu nahi diogu. LABen argi dugu, gure ekarpenik garrantzitsuena, borroka sindikal eta soziala indartzea dela: elite ekonomikoari aurre eginez bere boterea mugatzeko. Langileak antolatuz eskubide sozial, laboral eta politikoen defentsan. Gauzak aldatu behar direla pentsatzen duten langileak burujabetza prozesura ekarriz, izan abertzaleak edo ez. Alternatibak proposatuz eta hauen aldeko indarrak burujabetzaren aldeko indarrak izatea lortuz.
Egoera politikoaz egiten dugun irakurketa. Esan bezala, Confebaskek arrazoi asko ditu pozik egoteko; izatez, bera da EAEko hauteskundeak benetan irabazi dituena. Bere interesak, posizioak eta bere politikak agendaren erdi-erdian egon dira kanpainaren zehar, eta agendaren erdian jarraituko dute datozen lau urteetan PNVren eskutik.
PNVk egonkortasuna jarri du guztiaren gainetik. Zer da egonkortasuna? Azken urteetako agenda neoliberala garatzen jarraitzeko lasaitasuna. Besterik ez. Agenda horretan ez dira egon ez gure erabakitzeko eskubidea, ezta EAEko herritarren bizibaldintzak hobetzeko aberastasunaren banaketa. Are gutxiago Euskal Herri berri bat eraikitzeko prozesu politiko demokratiko bat irekitzearen aukera.
Gure ustez ezinezkoa da esku batekin agenda neoliberal bortitz bat inposatzea eta bestearekin Herri Akordioak egitea. Noski, herri akordio hauen helburua herriari hitza ematea bada, Euskal Herriaren egoera ekonomiko eta soziala aldatzeko.
LABek bereak egingo ditu gatazka modu demokratikoan konpontzeko baliagarriak diren akordio politikoak Hauek lehen bailehen irits daitezen laguntzeko prest ere bagaude. Baina hori ezin da izan EAEko elite ekonomikoaren agenda neoliberala arazorik gabe ezartzeko aitzakia.
Euskal langileok Gasteizen gure interesak eta eskubideak defendatuko dituzten ordezkariak behar ditugu. Parlamentu berrian hori egiteko prest agertu diren alderdiak daude, eta azken lau urteotan baino indar gehiagorekin gainera. Ezker-eskuin espazioen arabera aztertzen badugu osaketa berria, eskuinak ordezkariak galdu ditu eta ezkerrak gora egin du.
Okertzeko beldurrik gabe esaten dugu Madrilen PPk gobernatuko dukela eta erreforma-murrizketaren bidean sakontzeko erabiliko duela gobernua. Troikak hori agindu du eta Rajoyk, egingo duela agindu die.
Okertzeko gogoz esaten dugu ere, ziur gaudela Urkulluk bide berdina hartuko duela.
Gure galdera da ia zein bide hartuko duen Nafarroako gobernuak: trantsiziorako jarrera eta agenda indartzen badu hor egongo da LAB, noski. Estatuaren eginduei men egiten dien bidea hartuz gero ibilbide iluna ikusten diogu egia esan.
Hauek izango dira gure lan lerro nagusiak beraz: borroka sindikala indartzea lantokietan, hirietan eta herrietan langileok burujabetza prozesu baten aldeko palanka izan gaitezen. Agenda neoliberalen kontra borrokatzen jarraitzea, gobernuan dagoena dagoela ere.
Eta gatazkaren konponbide demokratikoaren alde lanean jarraitzea garai berri bat ireki dezagun behingoz. Euskal Preso eta Iheslarien aldeko borrokan urrats berriak eman behar ditugula uste dugu. Bai herri bezala, bai sindikatuetatik, baita langile bakoitzak ere. Ekimen berriak jarriko ditugu martxan, garaia delako, gure artean ikusi nahi ditugulako, ahalegin guztiak egitea zor diegulako.
Besterik gabe, mila esker etorri zaretenoi.”
ITURRIA:
http://www.lab.eus/eu/lab-sindikatua/delegatuen-batzarra/5527-borroka-sindikala-indartzuko-dugu-langileok-burujabetza-prozesu-baten-aldeko-palanka-izateko-