Behin betiko

SAREk larunbatean Bilbon deitu duen mobilizazioarekin bat egin du Enpresa Batzordeak

LAB, ELA eta ESKren gehiengoz (CCOO abstenitu egin da), Enpresa Batzordeak bat egin du SAREk datorren urtarrilaren 11an Bilbon antolatu duen mobilizazioarekin. Honekin batera langileei mobilizazio honetan parte hartzera gonbidatuz ohar bat publikatu du enpresako ohar taula guztietan.

BEHIN BETIKO ELKARBIZITZA. Espetxeen, erbesteratuen eta deportatuen auzirako konponbide justua lortzeak lagunduko digu denoi elkarbizitza sendoa eraikitzen. Eta horretan lagungarria izango zaigu, halaber, gure herrian sufritu ditugun indarkeria guztien biktimei aitortza eta babesa ematea. Biak ala biak gure herrian betiko elkarbizitza lortzeko gako nagusiak dira.

BEHIN BETIKO BAKEA. Indarkeriarik ez egotea ez da nahikoa gure herrian konfrontazioak utzi dituen bidegabekeriak bukatutzat emateko. Euskal gizarteak gainditu ditu sufritutako bortxazko egoerak, eta garaia da bizitako konfrontazioaren emaitza diren bidegaberiazko egoerak ere gainditzeko. Euskal gizarteak, eskuzabaltasunez, zintzotasunez eta erantzukizunez, azken hamarkada honetan erakutsi du posible dela askatasunean bizitzea eta aurrera egitea, ahaztu gabe baina gorrotoan tematu gabe. SAREn lanean segituko dugu agertoki hori lortzeko, eta bake justuaz hitz egiten oraindik uzten ez diguten korapiloak askatzen lagunduko dugu hemendik aurrera ere. Askatasunean eta bestearekiko begirunez bizi eta jarduteak ekartzen dituzte elkarbizitza eta behin betiko bakea. Helburu hori amets bat baino zerbait gehiago da. Euskal gizartean lortu behar dugun gutxienekoa da, eskubidea dugulako hurrengo belaunaldiei guk gure aurrekoengandik jaso genuena baino gizarte hobea uzteko.

Horregatik guztiagatik, helburu hori lortzea gu guztion kontua da. ESKUBIDEEZ ari gara. GIZA ESKUBIDEEZ ari gara eta hori da hain zuzen ere euskal gizartearen gehiengo zabala batzen duena.

Datorren urtarrilaren 11n, Bilboko kaleak, euskal gizarteak guztioi eskatzen digunaren adierazpen argia izango dira. Ordua da. Behin betiko: KONPONBIDEAREN, BAKEAREN ETA ELKARBIZITZAREN UNEA DA.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.