LABk lantegian egiten ari diren grabazio-prozesuari buruz zerbitzu juridikoei kontsulta eginda, eta araudian izandako azken aldaketak kontuan hartuta, esan dezakegu:
- Enpresak grabazio horien beharra frogatu behar du (kasu honetan enpresa-batzordeari). Ez da nahikoa arrazoiak soilik ematea, grabazioen justifikazio argia eta berariazkoa eman behar du.
- Grabazioak publikoki iragarri behar dira, eta lortu asmo den helbururako beharrezkoa dena bakarrik grabatu ahal izango da. Sekula ez dira elkarrizketak grabatuko.
- Langileen berariazko baimena behar ez bada ere, langilek eskubidea dute grabatuko dituztela jakiteko. Langileek eskubidea dute haien grabazioekin zer egiten duten jakiteko.
- Grabazioak uneoro CAFenak dira. ASENTAk ezin izango ditu erabili iragarritako prozesutik kanpo, eta, halaber, ez ditzake eraman. CAFk ere ezin izango ditu irudi horiek gorde. Iragarritako prozesua bukatuta, irudi horiek suntsitu egin beharko dira. Grabazioak sekula ezin izango dira erabili zigortzeko.
Zalantzarik gabe, guztiok dakigu prozesu horien helburuak produktua hobetzea, eta merkatuko geroz eta baldintza zorrotzagoei erantzuteko baliabide berriak aurkitzea direla. LAB helburu horiekin ados egonda ere, marra gorriak daude; hau da, langileen lan-eskubideak zorrotz betetzea.
Hori horrela, neurketak eta behaketak egiteko moduetan gertatzen ari diren hainbat egoerak kezkatzen gaituzte. Jabetu gara 14 pertsona (hainbat prozesutako eta departamentutako arduradunak) behatzen ari direla langile bakar baten lana. Langilea, inolako zalantzarik gabe, presiopean dago.
Seguruenik, langile hori, hainbat pertsonaren begiradapean pairatzen duen presioagatik eta premiarik gabe bideokamerak behatzen duela jakinda, ez da ausartuko lanean gelditzera ezta buruan hazka egiteko ere. Litekeena da, halaber, lortu asmo diren hobekuntzak lortzeko garrantzitsuak izan daitezkeen komentarioak egiten ez ausartzea.
Beldur gara prozesu horiek ez ote duten lan-baldintzen prekarizazioa ekarriko, helburu bakarra lanak modu mekanizatuagoan, azkarragoan eta ahal denik eta merkeenean egitea baita.
Lan horietan garrantzia ematen zaio aurrez egin daitekeen edo saihets daitekeen edozein eginkizun edo eragiketa kentzeari; hartara, azpikontratatu ahal izango dira lan horiek (betiere, merkeago).
Berriro diogu, ados gaude lantegietako dozenaka arduradunek prozesuak hobetu nahi izatea, haien lana baita. Baina lan horrek baditu bere mugak; langileen lan-eskubideak, hain zuzen ere.
Gauzak arrazionaltasunez eta adostasunez egitea eskatzen dugu. Presiorik gabe, eta hobekuntza horietan guztion inplikazioa bilatuz. Hala egin ezean, gatazka baino ez dute sortuko.
LAB-CAF
2016-05-17