ANDRES ARIZKORRETAREN HITZALDIARI BURUZ

CAFeko presidente Andres Arizkorretak hitzaldia emango du martxoaren 31n, 18:30ean, Beasaingo Igartza Jauregian; “CAF eta GEROA”.

Hitzaldia CAFen mendeurrena dela-eta Goierrin, LEMNISKATA kolektiboaren eskutik, hilabete honetan antolatu diren ekitaldien barruan kokatzen da.

Inolako zalantzarik gabe, hitzaldia arrakastatsua izango da, eta litekeena da Beasaingo Igartza Jauregia txiki geratzea (300 lagunentzako lekua du) enpresa honekin lotura duten eta presidenteak ehun urteko enpresa honentzat dituen egitasmoak ezagutu asmo duten pertsona guztiak sartzeko (goi-mailako zuzendariak, erdi-mailako arduradunak eta, oro har langileak).

Seguruenik ere, interes berezia edukiko dute eskualdeko udal-ordezkariek, beste politikari batzuek eta kargu instituzionalek, prentsak, oro har, eta goierritar ugarik. CAF enpresa garrantzitsua da, aipagarria enpleguarentzat eta ekonomiarentzat, bai eskualdean, bai Gipuzkoan, baita Euskal Herri osoan ere.

LABko kideok, gonbidapen espresurik ez daukagula ere, ez dugu inolako interes berezirik ekitaldi horretara joateko. Ez interesatzen ez zaigulako, beti izaten baita interesgarria entzutea zer pentsatzen duen CAFko agintari gorenak. Baizik eta gure iritziz, ospakizun-ekitaldi horretan esango den guztia, aipagarria izatekotan, dagoeneko CAFko langileei jakinarazia behar zuen enpresan bertan, langileen ordezkari sindikalen bitartez.

Presidentearen ahotik entzun nahi genuke ez duela asmorik, ezta hurrik eman ere, beste inolako atal produktiborik ixteko, eta fabrikazioa Euskal Herrian mantentzearen aldeko apustu garbia egiten duela; zuzendaritzak hitzarmenaren negoziazioa arinduko duela, negoziagarriak diren proposamenak eginda; urratsak emango dituela azpikontratazioa murrizteko eta gaur egun kanpoan produzitzen dena berreskuratzeko, eta behin hasita, enpresako eraketa-eskema demokratizatuko duela, langileei parte hartzeko eskumena emanez.

Dena dela, ulergarria izan daiteke presidenteak Gipuzkoako prentsa sentsazionalistarentzat baliagarria izan daitekeen titularren bat ematea, hurrengo egunerako. Baina pentsatu nahi dugu nobedade hori ez dela garrantzitsua izango, ez baitugu ulertzen CAFeko langileok hurrengo egunean prentsako lehen orrialdeen bitartez jakitea gure geroari buruzko gauza garrantzitsuak. Gure iritziz, hori eskandalagarria litzateke.

Azkenik, eta iradokizun modura, urteurren-ospakizunak bai, baina Andres Arizkorretari esaten diogu enpresa honentzat egitasmo garrantzitsuak baldin baditu, eta betiere gizartera zuzen-zuzenean bideratuak eta Euskal Herriarekiko dituen sustraiak errespetatuz, ez dezala zalantzarik izan interes handiz entzungo ditugula asmo horiek bere ahotik zuzenean, gure instalazioetatik atera gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.