Hiru kasu horietako bi CAF lantegikoak dira, eta bi langileak, bata Ordiziakoa eta bestea Zaldibiakoa, hilda daude jada
Gipuzkoako Gizarte Segurantzak erabateko hiru ezgaitasun kasu onartu ditu, amiantoak eragindako gaixotasunengatik. Kasu horietako bi CAF lantegikoak dira, eta bi langileak hilda daude jada. Hirugarrena, Tolosako Emua lantegian aritutakoa da, eta pentsioduna da egun.
Asviamie amiantoaren biktimen euskal elkarteak “poza” agertu du, egiten ari diren lanari esker “amiantoak eragindako gaitzak estaltzeko ahalegina bertan behera” uzten ari direlako, eta bide batez, “gaixoen eta haien senideen prestazio ekonomikoak hobetzen” ari direlako. Horrela, enpresei kalteordainak eskatzeko ate bat ireki nahi diete gaixoei eta haien senideei. Bestetik, Eusko Jaurlaritzari eta osasuneko eta lan segurtasuneko arduradunei eskatu diete beste alde batera begiratzeari utzi diezaiotela, batez ere hainbeste kasu ezagutu dituen Goierri bezalako eskualde batean.
Aurreneko kasua Ordiziako bizilagun batena da. Hamalau urterekin hasi zen CAFen lanean, eta bertan jarraitu zuen erretiroa hartu arte. Amiantoarekin kontaktuan aritu zen lanean, inolako babes neurririk gabe. Asbestosi gaitza zuen eta 24 orduz oxigenoa emateko aparailu bati lotuta bizi behar izan zuen. Asviamie elkarteak salatu duenez, Osakidetzak ez zuen laneko gaintza izan zitekeenaren zantzurik komunikatu, nahiz eta beraien betebeharra izan. 2017ko uztailean hasi zuen laneko gaitza errekonozitzeko prozedura, eta urte bereko urrian hil zen.
Bigarren kasua Zaldibiako langile ohi batena da. 30 urtez aritu zen CAFen, eta 64 urterekin zendu zen, mesotelioma peritoneal gaitzak jota. Azken kasua berriz, Ibarrako pentsiodun batena da. Tolosako Emua lantegian aritu zen, hura ere, lan arriskuen inguruko informaziorik eta prebentzio neurririk gabe.
Jatorrizko albistea: http://goierri.hitza.eus/2018/03/09/amiantoak-eragindako-hiru-lan-gaixotasun-kasu-berri-onartu-dituzte/