CAF Beasaingo langileok ordu bateko lanuztea burutu dugu, amiantoarekin lan egitearen ondorioz hil berria den III. Dibisioko Jose Garcia Ortega langile erretiratuaren eta 2010ean hil arren diagnostikoa duela gutxi baieztatu dioten mantentze-lanetako Juan Urdangarin Begiristainen hildakoa omentzeko.
Langileok, lantegi alboan dagoen “Amiantorenei” eskultura ondoan elkarretaratu gara ekitaldi errebindikatibo eta omenezko batean. Familiartekoek lore eskaintza bat egin dute bertan.
Ekitaldi hau amaitu ostean, Gasteizko Michelin enpresako prebentzio-ordezkariekin batera prentsaurreko bat eman dugu eta besteak beste, urtero osasun-azterketa egiteko eskubidea duten “amiantoaren langileak” biltzeko zerrenda egiteko garaian, lan-ikuskaritza bakoitzak jarrera ezberdina dutela salatu nahi izan dugu.