ALTERNATIBEN HERRIA. BILBO U24

CAFeko Enpresa Batzordeak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Asanbladak datorren 2015eko urriaren 24rako Bilbon antolatu duen Alternatiben Herria ekimenarekin bat egin du eta bide batez dei egiten die langile orori ekimenarekin bat egin eta egun horretan Bilbora gerturatzeko.

Alternatiben Herria

Bizitza burujabea eskubide osoz

Alternatibak dituen herria bizirik dagoen herria da. Horixe irudikatzeko asmoz, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Asanbladako kideok datorren 2015eko urriaren 24ean Alternatiben Herria ekimena abiatuko dugu BilboAHn. Aldarrikapen eta ospakizun eguna izango da, egunerokoan bizitzaa ematen diguten hamaika proposamen handi eta txikien erakusleihoa, Kartaren ardatz nagusiak jarraituz. Topagune komuna.

Ekimen honekin jarraipena emanen diogu Bizi mugimenduak, 2015eko abenduan Parisen klima aldaketari buruzko Goi Bilera dela eta, Alternatiben Herriak antolatzeko egindako deialdiari, Sistema aldatu, ez klima lelopean.

Izan ere, badira gure artean alternatibak egungo eredu soziala gainditzen joateko. Hauetako asko gure esku daude; beste hainbeste, jorratzeko zain. Hauek guztiek aukera ematen digute Euskal Herri justu, solidario eta desiragarriagoa egiteko.

Zer egin nahi dugu? Zer proposatzen dizuegu denon artean egiteko?

  • Euskal Herrian zehar, nork bere herrian, auzoan, taldean… aurrera eramaten ari garen alternatibak eta proiektuak erakutsi. Eta erakustearekin batera, informazioa partekatu, elkar ezagutu, gure artean gogoeta egin eta eztabaidatu… Denon artean konplizitatea, aliantza, konfiantza… behar eta nahi ditugu, gure alternatiba ezberdinak saretzeko eta indartzeko. Horrela bakarrik aldatuko dira gauzak!
  • Botereek ezintasunera eraman nahi gaituzte. Haiek behin eta berriz sinestarazi nahi digute bide bakarra dagoela, ez dagoela beste alternatibarik. Horren kontra matxinatu nahi dugu. Bestelako bide batzuk jorratzeko ideiak, proiektuak, intuizioak, gogoak… baditugula erakutsi nahi dugu.

Hartara, heldu den urriaren 24an, Bilbon, Alternatiben Herria egingo dugu. Egunaren zehar, Bilboko erdigunea, herri txiki bat bihurtuta, hausnarketaz, alternatiba praktikoz eta baikortasunez beteko dugu. Mobilizazio eraikitzailea, denontzako tokia eginez.

Gune bakoitzean, arlo bakoitzean martxan dauden alternatibak ezagutaraziko ditugu, jarduera ezberdinen bitartez: hitzaldiak, mahai inguruak, azoka, tailerrak, kale ikuskizunak, jolasak… Zuen ideien eta ekarpenen zain eta irrikitan gaude!

Auzoak banatzenOrain arte eragile anitzekin eginiko batzar irekietan, honako guneak eta gune bakoitzeko eduki nagusiak proposatu ditugu:

  • Natura: energia subiranotasuna, klima aldaketa, hondakinak, mugikortasuna, elikadura burujabetza, kontsumoa…
  • Ekonomia eredua: finantzak, txanpona, ekonomia sozial eraldatzailea, aberastasunaren banaketa, enplegua…
  • Demokrazia, subiranotasuna eta parte hartzea: eredu ekonomiko, soziala, kulturala eta politikoa erabakitzeko eskubidea, parte hartze soziopolitikoa,   prozesuak, herrien arteko elkartasuna…
  • Bizitzaren iraunkortasuna: zaintza, harremanak, gorputzak…
  • Aniztasuna: jatorria, identitatea, sexu, funtzionalitataren inguruko aniztasunaren kudeaketa…
  • Ondare komuna: euskal hizkuntza, hezkuntza, euskal kultura…

Noski, egunak festa kutsua izan dezan kale animazioa, jan-edanerako gunea, musika… ez dira faltako. Eraldaketaren bidean, denon lana beharrezkoa izango da, bai Alternatiben Herria antolatzeko, baita alternatibak eraikitzen jarraitzeko ere. Denon artean, Euskal Herri bizia eraikitzen jarraitzeko.

http://alternatibenherria.eus/

pdfCAFeko Enpresa Batzordearen oharra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.