AB Transitio enpresak CAFi esleitu dio eskualdeko trenen hornikuntza Suediako enpresa publikoak eskualdeko trenak erosteko 2014an sinatu zuen esparru-akordioa oinarritzat hartuta. Oinarri-kontratuak 4 kotxeko 20 EMUren (unitate elektrikoak), 3 kotxeko 8 BMUren (biodiesela-elektrikoa) eta power car baten fabrikazioa jasotzen du. Gainera, unitate kopurua beste 19 EMU eta 7 BMUtan handi ditzakeen aukera osagarriak ere biltzen ditu kontratuak. Oinarri-kontratuaren bolumena 250 milioi euro baino gehiagokoa izango da eta, kontratuak jasotzen dituen ibilgailuen aukera osagarri guztiak gauzatuz gero, kopurua ia bikoiztu egingo litzateke. Lehen unitateak 2023. urtearen amaierarako entregatzea aurrez ikusi dute.
CAFek diseinatutako trenak Civity Nordic plataformakoak dira eta muturreko klima-egoeratan (-40ºC eta + 40ºC artean) zerbitzua eskaintzeko prest daude, eta Suediako lau eskualdetan eskainiko dute zerbitzua; zehatzago esanda, hauetan: Jönköping County, Kalmar County, Kronoberg eta Blekinge. Hasiera batean, tren berriek Krösatågen eta Kustpileneko lineetan zirkulatuko dute eta azken horretan linea elektrifikatzeko plana dagoenez, BMU unitate bimodalak erostea erabaki dute.
Transitio AB da kontratua sinatu duena eta trenen jabea izango dena; gero, lehen aipatutako Suediako lau eskualdeetara leasinga egingo du. Eskualde bakoitza garraio publikoko eskualdeko agintaritza bat da; ondorioz, eskualdeek garraio publikoarekin lotutako finantza eta politika arloko erantzukizuna dute.
Unitate horiek erosi izanak, batez ere, bi helburu ditu: alde batetik, gero eta handiagoak diren hurrengo urteotarako linea horietako zerbitzuak zabaltzeko beharrei aurre egitea eta bestetik, gaur egun zerbitzuan dagoen flota (EMUak eta DMUak) ordezkatzea eta, horren bidez, treneko garraio publikoaren zerbitzu-kalitatea eta ingurumen-inpaktua hobetzea % 100 berriztagarria den erregaia, biodiesela, erabilita.
Eskualdeko tren-garraioak funtsezko rola betetzen du Eskandinaviako herrialdeko eskualdeko eta eskualdearteko joan-etorrietan, eta proiektu honek eskualde horietako garapen ekonomikorako aukera berriak sortuko ditu. Aldi berean, gainera, turismogune gisa duen erakargarritasuna handitzeko lagungarria izango da. Adibide gisa, aipatu beharrekoa da unitate berriak Vimmerby hiritik igaroko direla. Toki hori ezaguna da bertan dagoelako Astrid Lindgren’s World parkea, Pippi Kaltzaluze ikono gisa duena (zalantzarik gabe, Suediako turismogune garrantzitsua da).