LABen urtean daramatzagu enpresak arlo elektrikoan aurrera daraman azpikontratazio izugarria salatzen; tailer elektrikoan, eskari guztietako armairu, pupitre eta panel guztiak bertan egitetik gaur egun soilik SNCF-eko (Frantziako bezeroa) eskariko zenbait armairu egiten dira.
Manikien gunean ere egoera ez da hobea; azken urteetan enpresak lan hauek kanporatzeko egindako saiakera etengabea izan da eta honi aurre egiteko hainbat ekintza burutu izan ditugu. Hauen ondorioz, eskari guztietako maniki batzuk behintzat enpresan bertan egin dira orain arte.
Azken asteotan enpresaren aldetik azpikontratazio honetan beste pauso bat eman nahi izan duela salatu genuen pasa den urri amaieran burututako Lan Karga eta Azpikontratazio Batzordeko bileran. Eta egoera honen aurrean eskuak gurutzatuta ez ginela geldituko jakinarazi genion Zuzendaritzari.
Esan eta egin. Aste honetan bertan, CAFeko instalakuntzetatik azpikontratatutako enpresetara eramateko prest zegoen materiala prezintatu eta material hori eramatera etorri zen kamioia blokeatu dugu. Ekintza honekin Zuzendaritzari mezu garbia igorri nahi izan genion. Ez dugu azpikontratazio maila hau onartuko!
Ekintzak izan ditu berehalako ondorioak eta Zuzendaritzak Enpresa Batzordea bilera batetara deitu du datorren azaroaren 15an gai honi buruz hitz egiteko.