Laneko jazarpena salatzeko bidea

Lanean indarkeria psikologikoren bat pairatzen duzula uste duzu? Jasaten al dituzu jarrera edo jokabide diskriminatzaile edo kaltegarriak? Sexu-jazarpena? Laneko jazarpena (mobbing)?,… edo sentsibilitate pertsonalari kalte egin diezaioketen diskurtsorik?

Enpresa osatzen dugun pertsonen integritate morala zaintzeko balio beharko lukeen jokabide-kode bat du CAFek (CAF talde osoan aplikagarria). Horrez gain, laneko jazarpen psikologikoaren aurrean jarduteko protokolo formal bat ere badago.

Beldurragatik, lotsagatik edo, besterik gabe, pasatuko dela pentsatuz, horrelako egoera gehienak isilean pairatzen dira.

Zer egin dezaket horrelako egoeraren bat pairatzen badut?

LABekin edo Enpresa Batzordean ordezkaritza duen beste sindikaturen batekin harremanetan jar zaitezke. Une horretatik aurrera, eta modu erabat diskretuan, laneko jazarpena prebenitzeko protokoloan jasotzen den bezala jokatuko da (protokoloa erantsi dugu).

Salatu ahal dezaket egoera zehatzen bat beste bide batzuetatik?

Bai. Horrelako egoerei buruzko informazioa helarazteko, “Barneko komunikazio-sistema” izeneko kanal korporatibo bat dago. Edozein pertsonak erabil dezake, CAFeko langileak izan edo ez.

Bide horretatik bidaltzen diren komunikazioak ez dira Enpresa Batzordearen eskuetatik pasatzen, eta enpresak kudeatzen ditu zuzenean.

Informatu edo salatu al ditzaket modu anonimoan horrelako egoerak?

Bai. Kanal horrek komunikazioa modu erabat anonimoan egiteko aukera ematen du. Sistemak aukera ematen du inolako datu pertsonalik eskatzen ez duen “postontzi seguru” anonimo bat irekitzeko. Bertan, pasahitz bat sortzen da eta kasuari zenbaki bat esleitzen zaio, zenaren bitartez enpresak salaketari buruzko informazioa eskegiko duen. Sarbide berbera da eta behin inprimakia betetzen hasterakoan anonimotasunean egiteko aukera ematen du sistemak.

Enpresak berak honako hau gomendatzen du anonimotasuna erabat gordetzeko:

  • Ahal bada, ez informatu enpresako ordenagailu batetik.
  • Ez erabili enpresaren intranet-sarera konektatutako ordenagailurik.
  • Sar zaitez barne-salaketen kanalera, zuzenean kopiatuz edo web-nabigatzaile batean URLa idatziz, esteka batean klik egin beharrean.
  • Ez idatzi zure informazio pertsonala.

Azkenaldian, mota horretako hainbat gertakari hauteman ditugu, eta beharrezkoa ikusten dugu salaketa-bideak indartzea, bai egoera horietakoren bat pairatzen bada, bai horren lekuko bagara. Oso garrantzitsua da gertakari horiek erregistratuta geratzea (modu anonimoan bada ere) eta enpresak horren berri izatea. Bestela, inork aurre egiten ez dion errealitate ikusezin bat da hau. Horrez gain, salatuta eta erregistratuta egoteak segurtasuna ematen dio pertsonari etorkizuneko gertaerei begira.

Era berean, garrantzitsua da salaketa-kanalak seriotasunez eta zorroztasunez erabiltzea. Salaketa-bide hori oso erabilgarria izan daiteke behar bezala erabiltzen bada, baina gaizki erabiltzeak oso praktikoa izan daitekeen tresna bat desgaitu dezake.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.