LABek zentroen arteko mahaia osatu du CAFen

LABek CAF taldeko hainbat zentrotan dituen ordezkariak joan den astelehenean, hilak 16, bildu ziren lantegi bakoitzaren egoera aztertu eta esperientzia desberdinak partekatzeko.

CAFek trenbide-materiala eraikitzeko enpresa izateari utzi eta “mugikortasun iraunkorreko sistemen” enpresa izaera hartu du. Aldaketa hori ez da estetikoa soilik, eta dibertsifikazio-politika horrek langileen atomizazio oso kalkulatua eta lan-baldintzen prekarizazioa dakar lotuta. CAF taldeak gutxienez 18 enpresa ditu Euskal Herrian, eta hauetan zuzenean 5.000 langile inguru.

2023an, CAFek 77 milioi euro baino gehiago jaso zituen dibidendu gisa taldearen filialetatik; enpresako zuzendaritzak berriz, filialetako lan-baldintzak okertzearen aldeko apustuarekin jarraitzen du, hitzarmen desberdinak aplikatuz, lan-baldintzak indibidualizatuz, antolakuntza sindikala oztopatuz… azken batean, langileen kontura prozesuak merkatzea eta lan-baldintzak prekarizatzea bilatuz.

Horren aurrean, langileon antolakuntza ere indartu eta hedatu behar da. LABek lankidetza eta komunikazioa bultzatuko ditu CAF taldeko ordezkarien artean, eta, horretarako, ordezkarien zentroen arteko batzarra sortuko du.

CAF Beasain, CAF Irun, Rail Line (Ibarra), TRENASA (Castejón), CAF TTC (Corella), CAF TE Lebario eta CAF TE Gasteiz enpresetan ordezkaritza izanik, LAB da ekoizpen-lantegietako indar nagusia eta hegoaldeko lau herrialdeetan ordezkaritza duen sindikatu bakarra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.