CAFek eta Iberdrolak akordio globala sinatu dute eta horren helburu nagusia da isurpenik gabeko hidrogeno berdearekin tren arloko garraioari bultzada globala ematea
CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) Taldeak eta IBERDROLAk trenen sektorean eta bidaiarien garraioan hidrogeno berdearen erabilera sustatzeko aliantza osatu dute. Akordioa Iosu Ibarbiak, CAFeko Teknologiako zuzendariak, eta Millán García-Tolak, elektrizitate-enpresako Hidrogeno Berdearen zuzendariak, adostu dute.
Mugikortasun jasangarriko soluzio integralak eskaintzearekin lotuta bi enpresek duten helburua izan da aliantzaren sorburua. Soluzio horiek, besteak beste, honako hauek bilduko dituzte: material gurpildunaren eta depositua betetzeko azpiegituraren hornikuntza, hidrogeno berdea ekoizteko lantegiak eta energia berriztagarriko azpiegiturak.
Millán-García Tolarentzat, Iberdrolako Hidrogeno Berdearen arloko zuzendari orokorraren ustez, “aliantza honek sendotu egin du elektrifikatzeko zaila den garraioaren deskarbonizazioarekin lotuta Iberdrolak duen konpromisoa. Mugikortasun jasangarrian liderra den CAF enpresarekin batera, isurpenik gabeko garraiorako trantsizioa bizkortuko duten soluzioak errealitate bihurtzeko lanean jarraitu nahi dugu. Bi enpresok elkarren osagarriak garela esan dezakegu eta, elkarrekin, garraioaren elektrifikaziorako erantzun osagarri integralak eskain ditzakegu. Hain zuzen ere, sektore hori da negutegi-efektua duten EBko isurpenen heren bat sortzen duena”.
“CAFek urteak daramatza potentziako elektronikako, energia metatzeko eta bateriekin lotutako teknologia propioak garatzen eta, azken urteotan, oinarrian hidrogenoa duten teknologietara iritsi da apustu hori. Gure ustez, Ibedrolarekin adostutako lankidetza-akordio honek apustu hori sendotu eta nabarmen lagunduko du mugikortasunaren sektorean deskarbonizazioko helburuak betetzen”, aipatu du Iosu Ibarbiak, CAF Taldeko Teknologiako zuzendariak, bi enpresek hitzartu duten akordioaren inguruan.
TRENA INOIZ BAINO BERDEAGOA IZANGO DA
Gaur egun, elektrifikazio zaileko tarteak dituzten trenbide-lineak daude eta erregai fosilen bidez bultzatutako trenak erabiltzen dituzte horietan. Aliantza honen helburua da katenaria instalatu edo aldaketa handiak egin beharrik izan gabe tren horiek ordezkatzea ahalbidetuko luketen soluzio integralak sustatzea.
Beste helburu bat da hidrogeno berriztagarriaren balio-katea garatzea segurtasuneko, teknologiako eta lehiakortasuneko estandar gorenenekin hainbat sektoretan (trenen sektorea eta pertsonen garraioa, besteak beste). Hala, tokiko enpresak bultzatuko dira Espainian sektorearen eraldaketa bultzatu eta nazioarteko merkatuan lehiatu ahal izateko teknologia eta ekoizpen-gaitasuna gara ditzaten.
Aurtengo apirilean hasiko dituzte FCH2RAIL proiektuaren barruan CAFek Zaragozan duen lantegian enpresak garatutako tren berriaren probak. Trena IBERDROLAk Bartzelonan duen lantegitik hornitutako hidrogeno berdearekin bultzatuko da.
CAFek zuzenduko duen proiektua dagoeneko hidrogeno bidezko tren-prototipoa diseinatzeko eta fabrikatzeko fase aurreratuan dago. Aipatutako lanak, RENFEren Civia seriearen aldiriko unitatea oinarritzat hartuta, sorkuntza elektrikoko sistema berria instalatuko du unitate horretan hidrogeno bidezko piletatik eta baterietatik eratorritako energiaren hibridaziotik abiatuta. Hori guztia, aldi berean, ibilgailuan lehendik dagoen trakzio-sistemarekin integratuko da eta hidrogeno bidezko pila duen bi modutako ibilgailuaren lehen tren-erakusleetako bat izango da.
BARTZELONAKO GARRAIOA MUGITUKO DUEN HIDROGENOA
Iberdrola hidrogeno berdearen garapenean liderra da eta bi ekoizpen-lantegi ditu lanean dagoeneko Espainian. Erakusgarri gisa funtzionatuko duen proiektu honetarako hidrogeno berdea Iberdrolak Bartzelonan duen lantegi berritik hornituko da. Lantegia 2022aren hasieran jarri zuten martxan.
IBERDROLAren jabetzakoa den hidrogeno-enpresa hori Bartzelonako zona frankoan dago, hiriko aireportutik gertu, eta 2022ko urtarriletik, TMBren autobusei hidrogeno berdea hornitzen die. Hain zuzen ere, horixe izan da Estatuko lehen hidrogeno-enpresa komertziala eta berriztagarria. Lantegia Iberdrolaren Hidrogeno Berdearen estrategia baitan kokatu behar dugu eta beste proiektu batzuk ere jasotzen ditu: Fertiberiarekin adostutako aliantza Puertollanon eta duela gutxi iragarri duten Europako Atea Hidrogeno Berdearen Klusterra Andaluzian, 80 enpresa baino gehiago biltzen dituena.