CAF eta haren azpikontrata bat zigortu dituzte amiantoagatik

Donostiako epaitegi batek emandako zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak, eta hildako langilearen senideei 280.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diete. Enpresak helegitea jarri du beste kasu batean.

CAFek eta haren azpikontrata batek 280.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diote amiantoagatik gaixotu zen langile ohi baten familiari. Iaz Donostiako lan arloko epaitegiak emandako epaia berretsi du orain EAEko Auzitegi Nagusiak, CCOO sindikatuak jakinarazi duenez.

Behargina 2018ko azaroan hil zen, amiantoarekin lanean ibili izanak eragindako gaixotasun baten ondorioz. 1971 eta 1972 artean lan egin zuen CAFen, sei hilabetez, eta trenak muntatzeko lanetan zela izan zuen amiantoarekin kontaktua. CCOOk adierazi duenez, epaimahaiak «frogatutzat» eman du CAFen instalazioetan amiantoaren eraginpean zegoela, eta hura manipulatzeko lanetan ez zela langilea babesteko ekipamendurik eta segurtasun sistemarik erabili.

Sindikatuak salatu du CAFek argudio «eskasak» erabili dituela epaiketan bere erantzukizuna ukatzeko; besteak beste, amiantoaren arriskuaz iritzi publikoa aldarazi nahi izana egotzi dio enpresari. Eta gogorarazi du langilea gaixotu zen garairako amiantoagatik babesteko neurrien inguruko erregulazioa existitzen zela.

Helegitea beste kasu batean
Orain bi aste, Donostiako auzitegi batek CAF zigortu zuen amiantoagatik hildako beste langile baten kasuagatik, eta haren senideei 133.655 euroko kalte-ordaina ematera zigortu zuen enpresa. Asviamie elkarteak salatu duenez, ordea, CAFek helegitea aurkeztu du orain.

Senideek hildakoaren birikak izoztu zituzten, eta 2017an eginiko txosten batek frogatutzat eman zuen amiantoagatik hil zela. Elkarteak gogorarazi du enpresa lehen ere saiatu zela «gaixotasunaren jatorri profesionala» eta izoztutako biriketan amianto zuntzak zirela frogatzen zuten mediku txostenak zalantzan jartzen. Izan ere, CAFek tabakismoa argudiatu zuen epaiketan kalte-ordaina «erdira» murrizteko.

Asviamie elkarteak CAFi egotzi dio helegitearen bidez bere erantzukizunak ukatu nahi izana eta amiantoaren ondorioz enpresaren Gipuzkoako lantegietan hil ziren 55 langileri «trufa» egin izana. «Amiantoaren arriskua ezkutatu zuten, eta ez zieten jaramonik egin hainbat hamarkadatan», salatu du elkarteak.

Eta gaineratu du datorren astelehenean, urriaren 26an, CAFen aurkako beste kasu bat epaituko dutela, amiantoaren ondorioz hil zen beste langile bati dagokiona.

Jatorrizko albistea: https://www.berria.eus/albisteak/188517/caf-eta-haren-azpikontrata-bat-zigortu-dituzte-amiantoagatik.htm

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.