Amiantoaren ondorioz 50 langile hil dira CAF enpresan azken urteetan, baina gehiago direla diote, esaterako zaintza lan aitortu gabea egiten zutenak: “Amiantoak emakumezko aurpegia ere badu”, azaldu dute prentsaurean. Hainbat puntutako manifestua plazaratu dute erakunde eta administrazioei eskaera zehatzak eginez.
Ostiral goizean prentsaurrean bildu dira Beasainen CAFeko enpresa batzordea eta langile ugari, baita amiantoaren ondorioz hil direnen senideak ere. Amiantoak 50 lagun hil ditu lantegian, urteak daramatzate gaitz kantzerijenoa ezagutzarik gabe erabili izanagatik bere kalteak sufritzen. Kasu askotan, familiak “epai prozesu amaigabe eta sufrimendu luzera kondenatzen dituzte”.
Alta, azaldu dutenez badira ezkutuko biktima gehiago aitortuta ez daudenak eta hori oso larritzat jo dute: “Ilunpetik argira ekarri behar ditugu”. Produkzio kate ordainduan gaixotu direnez gain, oinarrian dagoen erreprodukzio kate ezkutuan gaixotutakoak izan dituzte gogoan:
“Gure arropak garbitzearren edota zeharkako arnasketagatik gaixotu direnen aitortza exijitu nahi dugu”
Hiru emakumeren izenak azpimarratu dituzte, Vicenta Burguete Gambart, Puri Muñoz Muñoz eta Maria Dolores Sabino Lopo. Tamalez horietako bi jadanik hilda daude, euren familiartekoaren buzoa garbitzen aritzeagatik hilda. “Zaintza zen beraien lana, eta zaintza lana aitortu ez zaien bezala, orain amiantoak hil dituela ere ez da aitortu nahi”, adierazi dute Beasaingo ekitaldian.
Enpresari aurre egin beharrean
Egoera horrek prozesu judizialak konplikatzea baino ez die ekarri gainera. Hain justu, asteazkenean jakinarazi du ASVIAMIE elkarteak, Vicenta Burgueteren senideek epaia irabazi dutela eta enpresak indemnizatu egin beharko dituela. Burguete 2017ko martxoan hil zen. CAFeko enpresa batzordeak, nolanahi ere, nabarmendu nahi izan du senideek enpresari “aurre egin” behar izan diotela prozesu luze horretan.
Hainbat puntutako manifestua plazaratu dute, eskaera zehatzekin, hala nola: arropak garbitzen zituzten emakume biktimei aitortza esplizitua egiteko eta amiantoaren biktima guztiak onartzeko; “denon artean osatutako zerrenda” publikoa egiteko; amiantoaren ondorioak eta biktimak gutxiesteari uzteko; halaber, CAFi eskatu diote emakume horien kasuak laneko gaixotasun bezala hartzeko, “urteetan amiantoa erabili izanaren biktima zuzenak bai dira beraiek ere”.
Iturria: https://www.argia.eus/albistea/amiantoaren-ezkutuko-biktimak-aitortzeko-eskatu-dute-cafek-langileek